AET euskarazko haur eskolen aldeko ostiraleko manifestazioan parte hartzeko deia egin du

Administrazioan Euskaraz taldeak euskaltzale guztiak deitzen ditu ostiral honetan Iruñean haur eskola euskaldunen alde eginen den manifestaziora joateko. Lehengo garaietan bezala, euskarazko hezkuntza jokoan dagoela dio taldeak.

2021-ko urtarrilak 28

Datorren ostiralean, urtarrilak 29, arratsaldeko seietan, Hezkuntza Departamentutik (Iruñeko Santo Domingo kalea), manifestazioa eginen da Iruñeko euskarazko haur eskolen alde, Iruñeko Haur Eskolak Euskaraz Plataformak deituta.

    Auzo guztietan euskarazko eskaintza izatea helburu izanik, bidean tarteko proposamena egin du Plataformak: Murgiltze ereduan oinarritutako euskarazko lau haur eskola, Iruñeko lau barrutietako bakoitzean bat jarrita.

    Iruñeko Udalaren proposamena da orain artekoari (haur eskola bat eta erdia) beste haur eskola erdia gehitzea (hau ingelesezko jarduerak ere izanen dituena).

    Antza denez, Nafarroako Gobernuak izanen omen du azken hitza.

    Oso garrantzitsua da, beraz, Iruñeko euskaltzaleen indarra erakustea une honetan.

    Administrazioan Euskaraz taldeak euskaltzale guztiak deitzen ditu manifestaziora joateko. Lehengo garaietan bezala, euskarazko hezkuntza jokoan.

Gehiago