Aek-k mintzapraktika bultzatzeko indarrak biderkatuko ditu aurtengo ikasturtean

Mintzapraktika saioak, ekintzak, mintzodromoak, Hiketalagun, Gurasolagun, jolasak, txangoak, tailerrak... Aek-k antolatzen dituen ekimen guzti hauek aisialdian euskaraz bizitzeko aukera ematen dute, eta eremu honetan indarrak biderkatu eta sare berriak sustatu nahi ditu. Adibidez, aurten mintzapraktika talde berri bat sortuko da Zangozan. Ekintza guzti hauek dohain eskaintzen dira.

2022-ko irailak 16

AEKren Praktikatu zerbitzuak abian du 2022-2023 ikasturterako kanpaina, “Praktikatu euskara gurekin” lelopean. Hala, urriaren aurreneko egunetan hasiko dira martxan, Euskal Herriko leku askotan, berbalagun, mintzakide eta mintzalagun taldeak, lagun giroan elkartu eta euskaraz aurrez aurre jarduteko. Online saioak, berriz, azaroan hasiko dira. Dagoeneko dohain eman daiteke izena talde mota guztietarako, euskaltegietan, udal euskara zerbitzuetan zein www.praktikatu.eus atarian.


Praktikatu hazten ari den egitasmoa da: gaur egun, Euskal Herriko 76 herritan antolatzen ditu mintzapraktika saioak, eta 300 ekintzatik gora burutzen dira urtean, tartean, mintzodromoak. Ikasturte honetan kopuru horiek handitu egingo dira, lehendik egiten direnez gain, hiru proiektu berri jarriko direlako martxan: Zangozan (Nafarroa), Igorren (Bizkaia) eta Pasaian (Gipuzkoa). Hitanoa lantzeko Hiketalagun proiektuak, berriz, jarraipena izango du Durangaldean (Bizkaia), Arriben (Nafarroa) eta Urola Kostan (Gipuzkoa); eta elkarri hika hitz egiteko talde berrien sorrera ere sustatuko da, besteak beste, Usurbilen eta Lea-Artibain. Familientzako Gurasolagun taldeetan ere segituko dute jolasak, txangoak eta tailerrak egiten, helduek eta haurrek euskaraz batera aritzeko aukera izan dezaten.

Aurtengo udazkenean, gainera, Euskaraldiaren hirugarren edizioaren atarian, Praktikatu-ren proiektuek esanahi berezia hartuko dute, mintzataldeak “euskaraz bizitzeko aukera ematen duten arigune naturalak baitira”, AEKren esanetan. “Izan ere, ohiko taldeez gain, eta euskararen transmisioa sendotzeari begira, Praktikatu egitasmoak euskarazko harreman sare berriak sustatzen ditu ekintza osagarrien bidez, hala nola, asteburuko egonaldiak, barnetegi ibiltariak edota zaletasunen (natura, kirola eta kultura) araberako interes taldeak antolatuta”, azpimarratu dute egitasmo honen bultzatzaileek.

Gehiago