AEK-k abian du euskara ikasteko 2022-2023 ikasturteko aurre-izen ematea
100 euskaltegi baino gehiago ditu AEK-k Euskal Herri osoan, eta datorren ikasturteko aurrematrikula ekainaren 30a baino lehen egiten dutenei %5eko deskontua eginen zaie. Udan barnetegiak ere eskainiko dituzte.
2022-ko ekainak 1
Pandemiaren eragina euskaltegietatik guztiz desagertzen ari denean, oso pozik agertu dira AEK-koak, eta emandako datuen arabera aurten aurreko ikasturtean baino %5 ikasle gehiago matrikulatu dira euskara- ikastaroetan.
Orain, datorren ikasturtea prestatzen ari dira, eta helburu nagusia da jende gehiagorengana iristea. Hala, euskaltegietan aurrez aurreko taldeak izango dituzte, autoikaskuntza, online ikastaroak eta jardun biko eredua ere eskainiko dituzte, eta Foruko barnetegia urte osoan irekiko dute.
Udarako, gainera, asteburuko hiri barnetegiak, 15 eguneko barnetegiak eta familia barnetegiak antolatu dituzte. Informazio guztia AEKren webgunean aurkitu daiteke.