Adinekoen arretarako egoitzetan “pandemiaren hasierara itzuli” egin dela dio LAB sindikatuak
Adinekoen egoitzetan pandemiaren 6. olatuari aurre egiteko prebentzio-neurriak ez direla hartu dio LABek, eta enpresa kudeatzaileek langileen bizkar gainean pandemiaren ondorioak jarri dituztela salatu du sindikatuak. Urtarrilaren 13an adinekoen arretarako zentroen sektorean egingo den greba egunean parte hartzeko deia egin du LABek.
2022-ko urtarrilak 11
Adinekoen arretarako egoitzetan pandemiaren hasierara itzultzen gara behin eta berriz. Badirudi denbora honetan guztian ez dela ezer ikasi. Enpresa pribatuek, Nafarroako ia egoitza guztien kudeatzaileek, berriz ere langileen bizkar jarri dituzte pandemiaren ondorioak. Ez dira behar diren prebentzio-neurriak hartu langileen eta egoiliarren osasuna zaintzeko.
Aurreikusten zen kutsatze-olatu gehiago iritsiko zirela, baina pandemia hasi zenetik bi urte igaro badira ere, ia lehenengo egunean bezala jarraitzen dugu. Egoerari aurre egiteko langile aski izan gabe jarraitzen dugu, eta bajan dauden langileak ere ez dira ordezkatzen.
Gaur egun, egoitzetan arreta ematea askoz ere zailagoa da pandemiaren aurretik baino; izan ere, orain, arreta indibidualizatua eman behar da: egoiliar asko konfinatuak daude, gaixorik edo sintomarik gabe; talde txikiak egin behar dira jantokietan eta beste jarduera batzuetan, eta abar. Beharrizanak areagotu dira, baina plantilla ez da handitu. Norbait kexatzen bada, erantzuna hauxe izaten da: “Moldatu zaitez ahal duzun moduan, erabiltzaileak zu baino okerrago daude”.
Eta horren guztiaren aurrean, Nafarroako Gobernuak ez du ezer egiten hitzetatik haratago. Onartezina da. Arrisku biologikoak ez dira ongi atenditzen ari, eta ez da prebentzio neurririk hartzen birusaren hedapena galarazteko. Eta prebentzio-zerbitzuek ez dute horren guztiaren erantzukizunik hartzen.
Ia egoitza-zentro guztiak enpresa pribatuek kudeatzen dituzte, eta, horregatik, haiek dira langileen eta erabiltzaileen osasuna zaintzeko arduradunak. Baina ez dira arduratzen: beren interes ekonomikoak lehenesten dituzte, eta hala erakusten ari dira uneoro.
Zentro gehienetako instalazioak ez daude prestatuak egoiliar positiboak isolatzeko. Pandemiaren hasieran, denbora batez, zentro batzuk moldatu ziren bateko eta besteko egoiliar positiboak hara eramateko, baina gaur egun jada ez dago horrelako zentrorik.
Nafarroako Gobernuari galdetu diogu zein diren oraingo protokoloak eta ea horrelako zentroak prestatuko diren berriz, baina ez dugu erantzunik jaso.
Bestalde, zentroetan Covida-rekin kutsatzen diren langileen bajak ez dira laneko gaixotasuntzat hartzen, eta horrek zigor ekonomikoa dakar haientzat. Kontuan hartzen badugu haien soldata gordina ez dela 1.000 eurora iristen, kontingentzia arrunt baten ondorioz baja hartuz gero, penalizazio ekonomiko handia jasan behar izaten dute.
Beste behin ere, eta neke handia pilatuta izan arren, egoitzetako langileak lanarekiko izugarrizko konpromisoa erakusten ari dira, nahiz eta gaizki konpentsatuak dauden eta haien lana behar bezala aitortzen ez den. Aski da. Langile horien lana aitortu eta duindu behar da.
Maiatzean, Nafarroako hirugarren adinekoen arretarako zerbitzuen sektoreko lehen hitzarmenaren negoziazioa hasi zen. Hitzarmen horrek aspaldi indarrean egon beharko luke, baina oraingoz ez da batere aurrerapausorik eman. Horregatik, urtarrilaren 13an, adinekoen arretarako zentroen sektoreak greba-egunerako deia egin du.