“Absoluzioa Aroztegikoendako” kanpaldiak bere lehenengo eguna igaro du “herri bat” epaituko dutela salatuz
2025-ko maiatzak 6

Euriarekin lokartu ziren igandean eta euriarekin iratzarri ziren astelehenean Aroztegiaren aurkako protesta egiteagatik epaituko dituzten baztandarren aldeko kanpaldikoak. Ez-ohiko argazkia zegoen Elizondoko plazan, kanpinez beteta, ez-ohikoa den egoera salatze asmotan: zazpi baztandar kartzelean sartu nahi dituzte eta bizi osorako ekonomikoki zigortu, zer eta haien desadostasuna makinen aitzinean eseriz erakustegatik. “Absoluzioa aroztegikoendako” irakurtzen ahal zen plaza euriak baino gehiago blaitzen zuten zapi horietan.
Ingurukoen elkartasunaren kafe beroaren ondotik, goiza pankartak egiten joan zen, haietako batean irakur ziteken: “guk ere akanpatu genuen!” halaxe ohiukatu baitute azken aldian hainbat herritarrek desobedientzia zibilarekin elkartasuna erakutsiz.

Arratsaldean gero eta jende gehiago agertuz joan zen eta 17:00tan abiatu ziren dozena bat auto Baztanen barrena arrabotsa egitera kartel horiz beterik: “ez gara zazpi, herri bat gara” aditu zen Baztango zoko guzietan, kanpaldian parte hartzeko deiekin eta kriminalizazioaren salaketekin batera.
Zazpietako elkartasun keinuan Erdiz Bizirik, Basaburuako herritarrak eta nekazariek bete zuten plaza, eta tartean Erdiz Bizirikek salatu zuen, Aroztegian bezala, UGEParen prozesu berdina haiei gertatu zaiela:
Baztango lurren gaineko erabakimena Baztandik kanpo eramatea. Afal orduan hamarnaka lagun bildu ziren mahaiaren bueltan, mantak altzotan. Ondotik, Maddi Ane Txoperena, Xabi Maia, Amaia Elizagoien eta Alazne Untsalok borobildu zuten eguna bertsotan. Haien hitzetan entzun zuten moduan “elkartasunak goxa dezala epaiketaren hotza”.
