Abiatu da Lesakatik euskal presoen etxeratzearen aldeko aldarria, bihar Iruñean amaituko dena

2025-ko maiatzak 17

Goizeko 10ak pasata hasi da Lesakan Sare Herritarrak asteburu honetan Euskal Herriko 28 herri bisitatuko dituen martxak. Urtetako gatazkak Euskal Herrian utzi dituen ondorioen konponbidea aldarrikatu dute elkarbizitza iparorratzarekin. “Elkarbizitza agertokietara jauzi egin nahi badugu ondorio guzti horiekin amaitu behar dira, eta biolentzia ezberdinen biktimen aitortza eta erreparazioarekin batera ezinbestekoa da euskal preso, iheslari eta deportatuen etxerako bidean urratsak ematea”, adierazi dute martxa abiatu aitzin.

Azken egunetan gogoratu dutenez, 57 dira oraindik kalea zapaltzen ez duten euskal presoak. Salbuespen lege eta politikak dira egoera horren erantzule, izan ere, eta Sareren datuen arabera, lege eta politika arruntak aplikatuko balitzaizkieke “euskal presoen %100a etxean egongo litzateke”.

Gaur eta bihar artean “konponbidearen puzzlea” deitu duten horretan falta diren piezak kokatu nahi dituzte puzzle osoa osatzeko helburuarekin. “Lanean jarraituko dugu euskal gizartearekin batera euskal preso guztiak etxerako bidea egin dezaten”, ziurtatu dute Sareko lagunek.

Gehiago