Abiadura Handiko Trenaz ahaztea leportau diete alderdiek hauteskunde kanpainan

Tren sozialaren aldeko plataformek ohartarazi dute alderdietako ordezkariek ez dutela euren programa eta mezuetan deus ere esaten Abiadura Handiko Trenaren inguruan. Informazio hori jendearengana iristearen garrantziaz jakinarazi dute eta larunbatean Gasteizen burutuko den manifestazio deia egin dute.

2019-ko maiatzak 13

Abiadura Handiko Trenaren gaia oharkabean ari da pasatzen hauteskunde kanpainatik eta hori ikusita zenbait plataforma kexu agertu dira. Alderdiek zer nolako azpiegitura eredua nahi duten argi utzi beharko luketela uste dute, eta are, halako egitasmo baten inguruan ari bagara: ekonomikoki baliabideak behar dituena eta lurraldean eragina izanen lukeena. Tren sozialaren aldeko plataformek dei egin diete aldedietako ordezkariei AHTaren inguruko hausnarketak eta proposamenak euren mezuetan txertatzera. Euren programetan jartzera.

Abiadura Handiko Trenik gabe egun dagoen trenbide sarea hobetzearen aldeko jarrera hartua dute plataforma hainbatek. Ekonomikoki xahuketarik ekarriko ez lukeena delako, ingurumenean kalte txikiagoa ekarriko lukeelako eta herritarrak zein salgaiak garraia ditzakeelako. Gainera, herriak, hiriak eta industriaguneak lotzeko aukera ere izanen lukeelako.

Bi mezu utzi dituzte argi gaurkoan: alderdiei galdegin diete euren programetan AHTaren inguruan duten jarrera azaltzeko eta herritarrei, kalera atera eta bestelako eredu baten aldeko aldarrikapena egitea. Horretarako aukera, larunbatean izanen da. Gasteizen batzartuko dira 12:30etan San Anton plazan.

Gehiago