Abenduaren 30an preso eta iheslarien aldeko mobilizazio herritarra deitu du Kalera Kalerak Iruñerrian

Kalera Kalera ekimenaren izenean, Iruñerriko hainbat herritarrek preso eta iheslari politikoen etxeratxeko exijentzia izanen duen manifestazioa aurkeztu dute. Abenduaren 30an Iruñerriko auzo eta herri ugari zeharkatuko dituzten 3 zutabe abiatuko dira Barañain, Errotxapea eta Burlatatik, eta 18:30ean bat eginik, Iruñeko Autobus Geltoki Zaharretik manifestazio abiatuko da.

2017-ko abenduak 14

Preso eta iheslari guztiak “gure artean izan arte borrokan segituko dugun herritarrak” direla eta “borrokan eta konpromisoan sinesten” dutela azpimarratuz, Euskal Herria Errepublika sozialista burujabea izan arte, kalean, fabrikan, institutuan, gaztetxean, udaletxean eta behar diren eremu guztietan lan egingo dutela ziurtatu dute.

Euskal preso eta iheslari politikoak bakea eraikitzeko ezinbestekoak direla eta haien ekarpen osoa burutu ahal izateko etxean egon behar direla uste dute.

Horregatik, datorren abenduaren 30ean aldarri hori Iruñerriko auzo eta herrietan zabaldu nahi dute, baita Iruñeko kaleak bete ere. “Ozen oihukatuko dugu, barroteak urtzeko bezain ozen, elkartasuna azken ziegaraino heltzeko bezain ozen, eta giltzarrapoa irekiko duen giltza dutenek entzuteko bezain ozen”.

Gaur aurkeztutako mobilizazio koloretsua herrietatik abiatuko da “gure borrokaren ardatzak diren Askatasuna, Duintasuna eta Elkartasuna zutabeetan” Iruñerriko auzo eta herri gehienak zeharkatuz. Askatasuna zutabea 17:15etan abiatuko da Errotxapeako Gaztetxetik, Antsoain eta Txantreatik pasatuz. Duintasuna zutabea 17:15etan Atarrabiako Katetik abiatuko da, eta Burlatatik pasatuko da. Elkartasuna zutabea 17:15etan aterako da Barañaingo mugatik.  18:30etan 3 zutabeek Iruñeko Autobus Geltoki Zaharrean bat egingo dute eta bertatik Iruñeko erdiguneko kaleak zeharkatuko dituen manifestaldia abiatuko da.

“Gatazka politikoaren ondorioen konponbidean aurrera urrats garrantzitsuak ematen ari dira azken hilabeteetan eta herritarrok subjektu aktibo izan behar dugu”, esan dute mobilizazio honen bultzatzaileek. “Bakearen artisauen eskutik, herriak berak burutu zuen ETAren armagabetzea, eta orain, Luhusotik Parisera, Bilbora edota Iruñerrira salto eginda, herriak berak presoak etxera ekarri behar ditu”, gehitu dute.

Gehiago