A15an izandako lan istripu hilgarria salatu dute sindikatuek
2025-ko otsailak 18

Nafarroako AP-15 autobidean lanean ari zen 46 urteko pertsona bat hil da gaur eguerdian Alesbes parean. Antza denez, langilea errepideko asistentzia lanetan ari zen, ibilgailu batek harrapatu eta bertan zendu denean.
ELA eta LAB sindikatuek babesa eta elkartasuna adierazi diete hildakoaren familiari eta lankideei, eta neurriak ezarri eta erantzukizunak argitzeko gertatutakoa ikertzeko eskatu dute.
Aurten, honez gero 5 pertsona hil dira euren lanpostuetan Nafarroan, Euskal Herrian 7 osotara. “Harrapaketak dira oraindik ere heriotza horien arrazoi nagusietako bat, segurtasun-neurri egokiekin saihestu daitezkeen arren”, dio ELAk, eta sindikatu honen arabera istripuen arrazoi nagusia da enpresariek ez dutela prebentzio-araudia betetzen “eta erakunde publikoek uko egiten diote hori kontrolatzeko bitartekoak handitzeari”. Horren aurrean, inspekzioaren plantilla 45 pertsona arte indartzea eskatzen du ELAk.
LABek, bere aldetik, aipatu du langileak Gruas Barragan enpresan egiten zuen lan. “Ezagunak dira garabietako langileek errepide bazterrean lanean ari direnean pairatzen duten arrisku
handia, hein handi batean ekidin daitekeena. Izan ere neurri prebentiboen artean erreien
berbideratzea eta seinalizazio egokia dira garrantzitsuenak. Nafarroan trafikoa antolatzen duten
kolore guztietako polizien ardura da hori, eurak dira, Nafar Gobernuaren agindupean, trafikoa
antolatu behar dutenak bertaratuko diren garabilari eta bestelako langileei eremu segura eskaintzeko”, gogoratu du sindikatuak. Lan arriskuen aurrean koordinazioa dela gakoetako bat azpimarratu du LABek, eta Txibiteren gobernua “arduragabekeria handiz jokatzen ari dela” salatu dute.
ELAk ostiral honetan, otsailak 21, elkarretaratzea egingo du Nafarroko Gobernuaren egoitzaren parean (12:00etan), eta bere aldetik, LAB, ESK, STEILAS, EHNE Etxalde, HIRU eta CGT-LKN sindikatuek laster jakinaraziko dute euren mobilizazioaren data.