60.000€ko isuna ezarri diote Indar Gorri-ri Palestinaren aldeko txio batengatik
2025-ko maiatzak 15

Osasunaren jarraitzaileek salatu dute isun bat jarri diotela sare sozialetan Palestinaren aldeko eta Son Weissman Granadako futbolari sionistaren aurkako adierazpen batengatik. Osotara, 60.000€. Granadako futbolariak txio bat argitaratu zuen Estatu sionistak Gazan hasitako ofentsibaren ondoren “palestinar desarmatuen buruei tiro egiteko eskatuz”. Gainera, Gazako herritarren aurkako bonbardaketak txalotu zituen. Indar Gorrik “Weissman kanpora, sionismo-faxismoa suntsitu” zioen txio bat argitaratu zuen Osasunak Iruñean Granadaren aurkako partidua jokatu baino egun batzuk lehenago. Azkenean, jokalari sionista ez zen etorri “segurtasun arrazoiak argudiatuta”.

2024ko ekainaren 3an Indar Gorriko kide bat atxilotu zuten “herri juduaren aurkako gorroto delituagatik”, txioa argitaratzea egotzita. Hilabete batzuk beranduago auzia artxibatu zuten, baina Osasunako jarraitzaileari 60.000€ko isuna jarri zioten “kirolean arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako legea” dela-eta.
Adierazpen askatasuna eta herri palestinarrarekiko elkartasunaren aurkako “eraso zuzena” dela iritzi dio Indar Gorrik. “Haiek 60.000 euroko isun bat ikusten duten tokian, guk 60.000 arrazoi gehiago ikusten ditugu borrokan jarraitzeko. Hori dela eta, gaur salaketa kanpaina bat abiatzen dugu, isuna finantzatzeko helburuarekin”.
Indar Gorrik, auzi honetaz gain, azken bi denboraldieetan egindako balantze errepresiboa gogoratu du: “82 atxiloketa, lau operazio polizial, 174.000 €-ko balioa duten 331 isun eta 42 urteko debekua futbol zelaietara joan gabe. Zenbaki hauek ez dira kasualitatea, harmaila politiko bat antolatzearen prezioa da, sionistak Sadarrera sartzea saihestearena, harmailetan aldarrikapen politikoak egitearena, Palestinarekin lerrokatzearena eta kaleetan faxismoari aurre egitearena da”, dio IGk.