47 euskal herritarren aurkako epaiketa salatzeko irailaren 14an eginen den manifestazio nazionala antolatzen hasi dira

Euskal preso eta erbesteratuen eskubideen alde egiteagatik 11/13 sumarioan auzipetuak dauden herritarrek agerraldia egin dute irailean hasiko den makroepaiketa hau salatzeko.

2019-ko ekainak 2

Irailaren 16an hasiko da Espainiako Entzutegi Nazionalean 47 euskal herritarren aurkako epaiketa. 601 urte arteko espetxe zigor eskaera egin du fiskalak euren aurka.

Pertsona guzti hauek euskal presoen eskubideen aldeko mugimendu ezberdinetako kideak ziren. Batzuk abokatuak, beste batzuk mediku edo psikologoak, gehienak Herrira mugimendukoak edota Etxerat elkartekoak… Gainontzekoak, preso eta erbesteratuentzat bitartekari lanak egin zituzten euskal eragileekin.

“Gure printzipio politiko eta etikoei loturik aritu gara uneoro, eta lasai gaude egin dugunarekin. Asko izan du ederretik elkartasun sare honen parte izateak, pertsona bezala hobetu gaitu, eta elkartasunaren balioa gure bizitzen parte egiteak balio izan digu gizartean dauden bestelako injustizia egoerei begiratu eta gure sentitzeko. Asko izan du ederretik zentzu horretan, baina asko izan du minetik ere”, onartu dute.

Orain,  espetxearen mamua dute parez pare. “Gure hurbilekoek gure ausentziaren, sakabanaketaren eta finean maite duten pertsona bat preso izatearen mamua dute parez pare. Azpimarratu beharrean gaude egun 38 adingabe ditugula guztira gure zaintzapean, eta pertsona hauen garapen afektibo eta emozionala erabat baldintzatuko lituzkeela gure espetxeratzeak. Egoera gogorra da, ez dugu ukatuko”.

Egoera pertsonalak ahaztu gabe, epaiketa honen oinarrian dauden arrazoiak bere horretan dirautela 2019. urtean gogoratu dute. “Aro berri baten testuinguruan egiten ari ginen lan hau guztia, urteetan luzatu zen gatazka konpontzeko bide berriak lantzen ari ziren, eta logika horri loturik ari ginen gu ere, ilusioz, presoen eta erbesteratuen gaia konpontzeko eginahalean. Horregatik kolpatu gintuzten, estatuen estolderietan diseinatu zituzten polizia operazioen bidez. Egin genituen aldarrikapenei lotzen gatzaizkie epaituak izango garen honetan”, salatu dute.

Euskal Herrian gatazkaren ondorioak gainditzeko ahaleginak egiten ari diren bitartean, makroepaiketa hau martxan jarriko du Espainiar estatuak, eta horri erantzun sendo bat emateko,  irailaren 14an, manifestazio handi bat antolatu dute Bilbon. “Kalean eta jendearekin erantzun nahi diogu epaiketari”, eta manifestazio hau “handia eta askoren aldetik babestua izan dadin” eremu ezberdinetako pertsonekin manifestu zabal bat lantzen ari direla esan dute.

www.11-13makroepaiketa.eus webgunean aurkitu daiteke epaiketaren gaineko informazioa eta kanpainari dagozkion euskarri ezberdinak.

Gehiago