38 urteko garraiolari bat hil da Erriberrin lan istripu batean
Sindikatuek garraio sektorean lan istripuen mailaz ohartarazi dute, eta arlo honetan bizi den egoera prekarioari egotzi diote istripu kopuru altua. Aurten, gutxienez 14 garraiolari hil dira.
2025-ko abuztuak 27
Iruñeko garraiolari bat hil da gaur goizaldean Erriberrin, lanerako zerabilen kamioia bidetik atera eta irauli ostean.
Ohar bidez, LABek “samina eta elkartasuna” adierazi dizkie senide, lankide eta gertukoei, eta lan arlo honetan dagoen egoera prekarioaz ohartarazi du. “Larritzekoa da garraio sektorearen prekarizazio maila, zeina handitzen ari den etengabe. Horren erakusle dira aurtengo datuak: urtea hasi denetik gutxienez 15 garraiolari hil dira. Denera, 46 langile hil dira Euskal Herrian lanean. Iaz, urte osoan 14 garraiolari izan ziren, eta, beraz, joera kezkagarri bat adierazten dute datuek”.
LABek aldarrikatu du administrazioak “sektorearen prekarizazio joera bortitz horri mugak jarri” behar dizkiola. “Errepidean izaten diren lan istripuen atzean, sarritan, lan karga handiak, erritmoak eta, finean, bizitza osasuntsua izateko zailtasunak daude, eta, horiek guztiak faktore arriskutsu bihurtzen dira; hain
zuzen ere, ez da kasualitatea gaurko istripua ordu txikietan gertatu izana, 04:00etan gertatu baita”.

Sindikatu abertzaleak neurri zehatzak proposatzen ditu sektore honetarako, besteren artean atseden eta zerbitzu eremu duinak, murrizketak edota doako bidesariak, garraio sektorean izaten diren iruzurren (azpikontratazioa, kooperatiba faltsuak…) kontrola eta erretiro adin aurreratua, duina eta bidezkoa.
LAB, ESK, STEILAS, EHNE, Etxalde, Hiru eta CGT-LKN sindikatuek elkarretaratzea eginen dute ostiralean goizeko 11.00etan Sarasate Pasealekuan.
ELAk elkarretaratze bat deitu du Iruñean
ELA sindikatuak ere salatu du garraiolarien lan baldintzak gero eta prekarioagoak direla, eta garraiolariek izaten dituzten lan istripuak ez direla askotan zenbatzen estatistika ofizialetan, trafiko istripu gisa ezkutatzen direlako.
“Garraiolariek jasaten dituzten lan istripuak sektorea erabat desaraututa egotearen eta garraiolarien erabateko eskubide faltaren ondorio zuzenak dira. Izan ere, garraiolariek, beren lana mantentzeko, enpresen presei eta presioei, ordutegi estuei, gehiegizko pisua duten kargei, zerbitzuengatiko prezio baxuei, lanaldi luzeei, garraiolariari garraioa deskargatzea eskatzeari ta duintasunez atseden hartzeko ezintasunari aurre egin behar izaten diete, besteak beste. Egoera honek, zaildu eta oztopatu egiten du garraio jarduera duin eta segurua egitea, eta, gainera, arriskuan jartzen dute, askotan, profesionalen bizitza”.
ELAk baliabide gehiago eskatzen ditu prebentzio araudia betetzen dela kontrolatzeko eta ikuskaritzako plantilla 45 pertsonara arte indartzeko.
Bestetik, ostiralean elkarretaratzea eginen du ELAk Lurralde Kohesiorako eta Garraioaren Departamentuaren aurrean, goizeko 11:00etan.
