33 urte bete dira Mikel Zabalza Guardia Zibilaren eskuetan desagertu zela
Mikel Zabalza Gogoan herri ekimenak salatu dute, Zabalzaren hilketaren benetazko egileek “ixilik” segitzen dutela, arduradun politikoek zigorrik gabe eta epaileak gertakarien inguruko inpunitatea babestuz. Atzo gogoratu zute Mikel Zabalza Orbaitzetako Arma Olan.
2018-ko azaroak 26
33 urte pasa dira Mikel Zabalza orbaiztarra Guardia Zibilak atxilotu eta 20 egunen buruan Bidasoa ibaian hilik agertu zenetik. Mikelekin batera, Idoia Aierbe neskalaguna, bi anai eta lehengusu bat, eta Jon Arretxe oreretarra ere atxilotu zituzten. Tortura “ikaragarriak” jasan zituztela salatu zuten arren, Zabalzak ez bezala, Intxaurrondoko koarteletik bizirik irtetzea lortu zuten.
Espainiako Estatuak oraindik ere ez ditu biktima bezala aitortu eta operazio hura zuzendu zuen Enrique Rodriguez Galindo generala kondekoratua izan zen. Orduko iturri ofizialen arabera, Zabalza ihes egiten saiatu eta ito egin zen. Mikelen senide eta herritarrek ostera, “hil arte” torturatua izan zela badakitela azpimarratu dute.
Mikel Zabalza Gogoan herri ekimenetik adierazi dutenez, “herriak torturatzaileen, agintari militar, politiko eta judizialen Mikelen erahilketarekiko duten arduraren aitortza behar du, hortik etorriko dira egia, justizia eta erreparazioa haren senideentzat”.
Donostiako Udalak Zabalza biktima bezala onartu duen arren, Giza Eskubideen Batzordeak Mikel eta Idoiaren senideekin, Dbus-eko langileekin eta Herri Ekimenarekin egindako bileran harturiko konpromisoak bete ez dituela eta bidalitako bilera proposamenei ez diotela erantzun salatu dute Altzako Mikel Zabalza gogoan herri ekimenak.
Herri ekimenetik jakinarazi dutenez, “herriak, zuekin edo zuek gabe, Mikel Zabalzaren memoria sustatuko du eta haien senideei elkartasuna eta maitasuna eskeiniko die, Mikel eta torturatu guztientzat egia, justizia eta erreparazioa lortu arte”.