24 talde berri iragarri ditu Hatortxurockek: Anestesia, ZETAK, Delirium Tremens, Bizardunak, Reincidentes, KOP, Zea Mays, Skalariak…

2025-ko apirilak 24

Anestesia, ZETAK, Delirium Tremens, Barniz, Bizardunak, Deskontrol + Arkada Social, Reincidentes, Kaleko Urdangak, KOP, Zea Mays, Las Ninyas del Corro, Mirua, Potato, Nafarroa 1512, Naxker, ødei, Odolkiak Ordainetan, Svetlana, On, Talco, Juantxo Skalari & La Rude Band + Set Skalariak, Xiberoots, Xutik eta Zaunka taldeak izanen Lakuntzan uztailaren 24tik 27ra ospatuko den azken HTX jaialdian.

“26 urtez, auzolanean, errepresaliatu politikoen eta haien senide eta ingurukoei elkartasuna adieraztea izan da gure helburua. Auziari erabateko konponbiderako urratsak ematea falta den arren, egindako lorpenak balioan jarri eta merezitako agurra antolatu nahi dugu”, adierazi du antolakuntzak.

100 talde inguru arituko dira

24 izen horiei hasieran iragarritako lau itzulerei gehitu behar zaizkio: Latzen, Afu, Alaitz eta Maiderrek Burutekin batera eskainiko dituzten kantuak eta Skatu. Horien aurretik beste 35 talde iragarriak ziren: Bad Sound, Dupla, Su Ta Gar, Chuleria, Joder!, Brigade Loco, Leihotikan, Burutik, Tribade, Maskak, Les Testarudes, Non Servoum, Añube, Dj Plan B, Gatibu, DJ Trapella, La Jodedera, Süne, Maruxak, Ibil Bedi, Autobus Magikoa, Sukena, The Lio, Kaotiko, Bulego, Buitraker, Nøgen, Tatxers, Skabidean, Streetwise, Banda Bassotti, Gozategi, Never Surrender, Eñaut Elorrieta, Los Zopilotes Txirriaos eta Betagarri.

Beraz, honezkero, 63 talde iragarri dituzte eta maiatza amaieran iragarriko dute beste izen sorta bat. Guztira, 100 talde izango dira jaialdiko 5 eszenatokietan.

7.049 txanda bete behar dira

Apirilaren 12an Lakuntzan bildutako ehunka lagunek auzolanerako deia egin zuten Beriainen magaletan. “Auzolana izan da 26 urtez gure oinarria eta oraingoan ere auzolan ariketa erraldoia egin beharko dugu uztaileko jaialdia aurrera eramateko. 7.049 txanda behar ditugu eta Euskal Herriko txoko guztietara egin nahi dugu petoa jantzi eta txanda bat egiteko gonbita”. www.hatortxurock.eus/txandak atarian eman daiteke horretarako izena.

Sarrerak

Sarrerak salgai daude, www.hatortxurock.eus webgunean. Lau eguneko bonoa 105 euroko prezioan dago eta aurrerago ere egun bakoitzeko sarrerak eskuratzeko aukera izanen da. Akanpalekurako, furgoneta eta autokarabana guneentzako sarrerak ere eskuragarri dira bertan.

Gehiago