19 euskal preso politiko gaixo larri daude, Etxeratek salatu duenez

Heriotza arriskua duten presoak “lehenbailehen” askatzeko eskatu du Etxeratek, eta salatu du larri gaixo dauden 19 preso daudela. Gaur egun 69 gaixo organiko ditu erregistratuta Etxeratek, eta adierazi duenez 85 euskal presok jasotzen dute Jaiki Hadiko medikuen asistentzia. Fernando Aranburua psikologoak gogoratu du 12 urteotan 33 bisita eskaera ukatu dizkietela. Horrez gain preso larrien kopurua igo egin dela azaldu du Aranburuak.

2020-ko urtarrilak 8

Gaixotasunak pairatzen dituzten preso politikoen egungo egoera “kezkagarria” dela adierazi du Etxeratek. “Kartzelak eritasuna sortzen du eta, areago, behin agertuz gero preso eriak ez ditu beste edozein gaixoren aukera berak bere gaixotasunaren diagnostikoa burutzeko edo artatua izateko: preso gaixoa presoa da lehenik, kategoria honi dagokion murrizketa, muga, baldintza eta debekuekin eta gero, izatekotan, gaixoa. Bere osasunerako eskubidea bigarren mailan kokatuko da beti”, salatu du Etxeratek.

Gaixotasunak, askotan, areagotzen dira kontsulta, froga eta diagnostikoak hilabete luzez atzeratzen direlako, edota epe egokietan betetzen ez diren errebisio medikuak egiten ez direlako… Horrela, kartzelan suertatzen den eritasun kasu bakoitza froga latz bat bilakatzen da gaixoa zein bere sendiarentzako, jakinik traba eta oztopo lasterketa batean sartu dela.

“Egungo espetxe politikarako, hots, txantajea eta mendekua besterik bilatzen ez duen salbuespenezko espetxe politikarako, pertsona hauen egoera helburu nagusia bilakatzen da. Ondorioz, legeriak besterik agintzen badu ere, gaixo larri eta sendaezin hauek hauek aske geratzea lan gaitza bilakatzen da”, gogoratu du Etxeratek.

Presoak eta osasuna gaur egun
Preso gaixoei buruzko gaur egungo egoerari dagokionez, Etxeratek jakinarazi duenez, 69 gaixo organiko ditu erregistratuak; pertsona hauek larritasun ezberdinetako gaitzak pairatzen dituzte eta elkartearen eginbeharra da haietaz arduratzea. Halere, beste 38 daude patologia arinagoaz jota daudenak edota Etxeraten laguntza bereziaren premiarik ez dutenak baina uneren batean beren osasun egoerak larriagotzera jo dezakeena. 

69 hauetatik 16k preso gaixo larri eta sendaezinen zerrenda osatzen dute. Beste 15i jarraipen zorrotza egiten zaie eta, azkenik, 37 dituzte kontrolpean ere, patologia arinagoaz jota. Hauetako batzuk froga klinikoen zain daude une honetan, diagnosi larriaren aukera handirekin.

Gaixotasun psikikoa pairatzen duten pazienteei dagokionez, une honetan 16 dituzte erregistratuak. Hauetako 4 preso gaixo larrien zerrenda osatzen dute, 6k jarraipen estua dute eta beste 6 kontrolpean. Baina 16 hauetaz gain, badituzte beste 26 nolabaiteko neurosia pairatzen dutenak eta elkartearen laguntza jaso dutenak edo jaso dezaketenak. Gaixotasun psikikoa duten 13 presok jasotzen dute kanpoko profesionalen terapia bisitak. Kontuan izateko datu bat eman du Etxeratek: azken 12 urteotan espetxez kanpoko psikologo edo psikiatren 33 bisita eskaera ukatuak izan dira espetxearen aldetik.

Datu hauek kontutan hartuz, gaur egun, Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren %34k gaixotasun garrantzitsuren bat pairatzen du.

Etxeratek “heriotza arriskua dutenek lehenbailehen aske egon” behar dutela azpimarratu du. “Minbizia, bihotzeko gaitz larriak, gaitz psikiko larriak eta endekapen estadio larriak dituztenak”, hain zuzen ere.

Gehiago