160.000 ontzi kontserba banatuko ditu Errigorak

Erriberan euskara sustatzeko eta bertako ekoizleei babesa emateko kanpaina arrakastsua burutu du Errigorak berriz ere. Iaz baino %78 eskaera gehiago jaso dituzte

2016-ko ekainak 6

“Zainzurien kanpaina luzatu behar izan dugu El Escolar eta Iturrirenean. Piper nahikorik ez eta, hainbat kasutan, 9 ontzi txikiz ordezkatu behar izan ditugu 6 handi. Potxa ekologikoak ere agortu egin zaizkigu…” Errigorak nekez heldu dio eskaera kopuruari, baina pozik agertu dira elkartearen kideak, eta eskerrak eman nahi izan dute.

“Ikasturte eder bati amaiera biribila eman dio kontserba-loteen kanpaina honek. Gure txikitasunetik, gauza handiak egin baititugu aurtengoan”, adierazi dute, gogoratuz udazkeneko kanpainan 160.000€ bideratu zituzten Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara, 80.000 litro olio eta 300.000 ontzi kontserba baino gehiago banatu zituztela, Erriberako ekoizpena bultzatu eta barne-merkatua indartzen jarraitzen dutela eta euskal herrien arteko harreman ekonomiko eta sozialak indartzen ari direla. “Hau guztia ez zaigu zerutik erori. Aitzitik, ekoizle eta kontsumitzaile arduratsuek bat egitearen ondorio da, eta bi aldeon artean auzolanean altxatu ditugun zubiek egin dute posible”, ziurtatu dute.

15 ekoizle bertako baratzaren uzta bestela merkaturatzeko prest
Errigoraren inguruan biltzen diren Nafarroa hegoaldeko ekoizleen familia haziz doa. 2012an 2 ekoizlerekin hasi zuten bidera urtez urte ekoizle berriak batuta, dagoeneko 15 izatera iritsi dira. Nafarroa hegoaldearen lau ertzetako 15 ekoizle: Ablitasetik Oibarrera eta Lodosatik San Isidro del Pinarrera. Nekazari, kontserbagile, olio ekoizle zein ardogileak, jatorri eta langintza anitzak izanagatik, euskal merkatuari bertako produktuak bidezko prezioan eskaintzeko bat eginda.

12.000 kontsumitzaile euskarari puzka eta 5.000 eskutik eskura

Udazkeneko kanpainan 12.000 etxek hartu zuten parte euskararen alde. Eskutik eskura filosofiarekin bat egiten duten familien kopurua, berriz, urtez urte handiagoa
da, eta dagoeneko 5.000 dira. Horrela, pixkanaka, bertako produktuak eguneroko kontsumo ohituretara ekartzeko apustua egiten duten kontsumitzaile arduratsuen komunitatxoak sendotzen eta zabaltzen ari dira herriz herri.

Gehiago