150 lagun bildu ziren Elizondon Aroztegia herri plataformak deitutako elkarretaratzean

Aroztegiako lurrak kudeatzen dituen konpentsazio batzordeak urbanizazio lanak esleitzeko prozedura publikoa abiatu duela salatu zuten Aroztegia eta gero…zer? Plataformak deituta pasa den larunbatean Elizondoko plazan elkartu ziren 150 bat lagunek.

2019-ko otsailak 11

Aroztegiako lurrak kudeatzen dituen konpentsazio batzordeak urbanizazio lanak esleitzeko prozedura publikoa abiatzearen aurkako protesta izan zen pasa den larunbatean Elizondon.

Nafarroako Gobernuak proiektu urbanistiko honetan dituen interesak salatu dituzte Aroztegia eta gero zer plataformako kideek. “Hauteskunde propaganda baten aitzinean gaude, dena lotu maiatza baino lehen zerbait egin dutela erakusteko. Legealdia akitu baino lehen dena lotuta utzi nahi dute ondotik inork ez dezan negozioa izorratu”, esan zuten irakurritako komunikatuan.

Plataformarentzat “lotsagarria” da Geroa Baik egin duena. “Aldaketaren gobernua izan behar zena inposaketaren gobernua bilakatu da Aroztegiaren gaiarekin. Hasieratik akordio programatikoan adostu gabe zegoen puntuetariko bat izan zen Aroztegiakoa. Ondotik gobernu “teknikoa” izendatu zuten eta “tekniko” nagusi bezala Manu Ayerdi izendatu zuten. Dudarik gabe bera izan da proiektu honen bulkatzaile nagusienetariko bat. Bera teknikoa bada gu bufaloak izan gaitezke”, esan zuten.

“Nekazaritza eta turismo iraunkorrarekin ahoa betetzen zaien bitartean nekazal lur hoberenak proiektu inmobiliarioetara bideratzen badira laister Iparraldeko kostaren luzapen bat bilakatuko” direla salatu zuten, “golfean jolasten duten jende arrotzez beterik bazterrak, erderaz mintzatzen karriketan, gazteak ezin herrian geldituz errenta eta etxebizitzak garestitu direlakoz…”

Gehiago