117: Sakanan 1960-2010 urte bitartean izandako torturatu kopurua

Azken asteetan 117 zenbakiak Sakanako txoko guztiak busti eta interesa piztu ostean, zenbaki hori “askatasunaren eta demokraziaren alde borrokatzeagatik jasandako sufrimenduaren adierazlea” dela argitu dute Sakanako Sortuk eta Ernaik eta datorren otsailaren 17rako ekitaldia deitu dute.

2018-ko otsailak 8

Otsailaren 13an gogoratzen den Torturaren Aurkako Egunaren harira Sakanako Sortuk eta Ernaik Sakanan 1960-2010 urte bitartean 117 lagunek pairatutako 135 tortura kasu erregistratuta daudela salatu dute, baita erregistratu gabeko kasu gehiago daudela ere.

“Benetako erreparazioa eman dadin, tortura Estatu espainiarrak erabili duen metodo sistematikoa izan dela aitortu beharra dago.  Bake prozesu integral bat bultzatu behar dugu, urte luzez modu kontzientean estali diren egoerak ikustaraziz eta aitortuz, ez errepikatzea berma dadin. Militante politikook eta beste inork, halakorik berriro inoiz jasan ez dezagun” azaldu dute.

Ekitaldia otsailaren 17an
Etxarrin Guardia Zibilaren kuartela zegoen tokian Mikel Arregi deitutako plaza dago egun eta hortxe burutuko dute torturaren aurkako ekitaldia datorren otsailaren 17an, “desmilitarizazioa eta askatasuna iluntasunetik argitasunera igaro dadin”.

Gehiago