11/13: Fran Baldaren aldeko herri ekimena jarri dute martxan Arbizun, eta ekainaren 29an manifestazioa eginen dute

Irailaren 16an hasiko da Espainiako Entzutegi Nazionalean 47 euskal herritarren aurkako epaiketa, eta auziperatu horien artean aurkitzen den Arbizuko Fran Baldaren aldeko ekimena aurkeztu dute Sakanan.

2019-ko ekainak 16

Fran Baldari egindako elkarrizketa Naiz Irratian

Prentsaurreko batean irakurritako komunikatuan gogoratu dutenez, 11/13 sumarioan aurkitzen diren pertsona hauei leporatzen zaiena “euskal preso politiko eta erbesteratuen eskubideen defentsa egin” izana da.

Fran Balda arbizuarrari 20,5 urte arteko espetxeratzea eta 10.800 euroko isuna eskatzen diote. “Edozein ikuspuntutik ez hanka ez buru duen eskaera fiskala. Gainontzeko auziperatuen kasuan bezala, Baldaren aurkako salaketa euskal presoen aldeko elkartasuna antolatu izanean oinarritzen da. Ez besterik. Euskal presoekin solidario izateagatik 20,5 urteko zigor eskaera”, salatu dute.

Atxiloketa eta espetxean emandako denborak Baldaren bizitzan eragina izan duen eragina eta irailan hasiko den epaiketa ere salatu nahi izan dute. Gainera, bere konpromezua ere azpimarratu nahi izan dute, eta horren aurrean elkartasuna adierazteko heinbat ekimen prestatzeko hautua hartu dute. “Beti izango gaituzue zuen alboan. Preso eta erbesteratuekiko elkartasuna antolatzeagatik izango dira epaituak; horregatik, orain guri dagokigu Balda eta gainontzeko 46 auziperatuekiko solidario izan eta elkartasuna antolatzea”. Ekainaren 29an, 20:00etan, Sakana mailako manifestazioa izanen da Arbizun. Hurrengo hilabetetan zehar, Fran Balda eta epaiketa honen inguruko informazioa Arbizun eta Sakanan zehar zabalduko dute, eta herritarren elkartasuna biltzeko sinbolo gisa, zapi bat erabiliko dute. Herriz herri, festak baliatuz, Sakanako herritarrak zapi batean elkartasun mezua idaztera gonbidatuko dituzte, udan zehar bildutako zapi guztiekin irailean ekimen bat egingo dutelarik. Irailaren 7an beste mobilizazio handia egingo dute Arbizun. Eta epaiketak suposatuko duen  gastu ekonomiko (350.000 eurokoa izanen dela aurreikusten dute) horri aurre egiteko, lan handia egingo dute datozen hilabeteetan ahalik eta diru-bilketa handiena egiteko. Horretarako hainbat zozketa egingo dituzte, aipatu zapiak eta bestelako materiala salduko dute.

Gehiago