1.508 sinadura bildu diztuzte Arrotxapean mediku eta pediatra euskaldunak exijituz

Arrotxapeako osasun etxean mediku eta pediatra euskaldunak exijituz 1.508 pertsonen sinadurak aurkeztu dituzte Nafarroako Gobernuan. Arrotxapeako osasun etxean ez dago ez mediku eta ez pediatra euskaldunik. "Euskaldunon hizkuntza eskubideak ez daude bermatuta eta beraz, ez dago kalitatezko arreta-zerbitzua jasotzerik", salatu nahi dute.

2017-ko ekainak 21

Borroka honetan 14 hilabete darama auzokide talde bat, eta orain arte Gobernuaren aldetik jaso dituzten erantzun guztiak ez dira egokiak izan euren aldarrikapena asetzeko. “Osasunbidearen erantzuna, legez beharturik ez dagoela eta Nafarroako Gobernuari edo parlamentuari dagokiola egin beharreko lege aldaketak egitea izan zen. Osasun kontseilaria eta Euskarabideako zuzendariarekin biltzea lortu genuen gero, hauek ere ez zioten gure aldarrikapenari konponbiderik eman: Baliabide nahikorik ez dutela; mediku eta pediatra euskaldunik ez dagoela; baina batez ere legea, “Vascuencea”ren legea indarrean den bitartean euskaldunon hizkuntza eskubideak ezin dituztela osasun etxean bermatu, auzoa eremu mistoan dagoelako, esan ziguten”.

Dekretu berri bat onartzera datoz, horrek aldaketak ekarriko ditu administrazioko langileen hizkuntza perfiletan, baina aldaketa horien artean ez dute Errotxapean, mediku eta pediatra euskaldunik aurreikusten, gogoratzen dute ekimen honetako kideek.

“Hitzez arrazoia ematen badigute ere, konpromisorik hartzeko gai ez dira izan eta euskaldunok auzoko osasun etxean bizi dugun menpeko egoera konponbidean jartzeko ahaleginik ez dute erakutsi. Orain egun gutxi jakin dugu gainera, auzoko osasun etxean mediku bat gehiago eta bi erizain berri izango ditugula –horietako bat pediatrian-. Ez Osasunbideak, ez Nafarroako Gobernuak, ez digute honen inguruko informaziorik helarazi, eta hauek euskaldunak izango diren ala ez, ez digute esan”, esan dute Arrotxapeakoek.

Nafarroako Gobernuari gaur aurkeztu dizkioten 1.508 sinadurekin, euren hizkuntza eskubideak osasun etxean berma ditzala exijitu nahi diote “aldarrikatzen ari garena oinarrizko eskubideak” direlako. “Neurriak hartzeko garaia da, neurri eraginkorrak hartzeko garaia”, azpimarratu dute.

Gehiago