1.200 nafarren kexak Merezimenduen Dekretu berriak dakartzan hizkuntz eskubideen urraketa salatzeko

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak Nafarroako Gobernuaren egoitzan aurkeztu ditu 1.200 nafarren kexak administrazioan zerbitzu gehienak euskaraz jaso ezin direla deitoratuz, eta Nafarroako Gobernuak ezarri asmo duen Merezimenduen Dekretu berriak eskubide urraketa horietan sakonduko duela kritikatuz. Behatokiak bat egin du maiatzaren 7an Euskalgintzaren Kontseiluak deituta herritarren eskubideen alde eta Dekretuaren edukien aurka Iruñean egingo den manifestazioarekin.

2022-ko apirilak 21

Gaur, Hizkuntz Eskubideen Behatokia Nafarroako Gobernuaren egoitzara gerturatu da Nafarroako osoko herritarrek aurkeztutako 1.200 eskaera erregistratze asmoz. Nafarroako iparraldetik, erdialdetik eta hegoaldetik etorritako herritarrek lagunduta agertu da Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendaria. Hurrengo hamarkadak baldintzatuko dituen Dekretua Nafarroako Gobernuak administrazio publikoetan lanpostuak lortzeko eta betetzeko merezimenduen balorazioa arautzen duen Foru Dekretuaren zirriborroak ezarritakoekin kexu dira herritar hauek.

“Gogoratu dezagun, Gobernutik proposatutako Merezimenduen Dekretu berria onartzen bada, Euskararen Legeak ezarritako eremu euskaldunean eta eremu mistoko lan- postu publiko gutxi batzuetan soilik baloratuko dela euskararen ezagutza”, aipatu du Gaubekak. “Ez hori bakarrik, legeak berme gehien eskaini beharko lukeen eremu euskaldunean izendatutako lanpostuetan ere, deialdi batzuetako merezimenduen atalean euskarak %20 arteko pisua izatetik gehienez %10 inguruko puntuazioa izatera pasatuko da”, zehaztu du. “Beraz, aurrerantzean ere milaka eta milaka izan daitezke euskarazko inongo ezagutzarik izango ez duten lan-postu publikoak”, kritikatu du.

Behatokiko zuzendariak gogoratu duenez, ezagutzaren balorazioak “eragin zuzena du herritarrei zerbitzu egokia ematearekin, eta dekretu berri horrek ez ditu zerbitzuak euskaraz jaso ahal izateko neurriak bermatzen”. Lan- postu publikoetan euskararen ezagutzak beharrezko neurriak ezarri ezean “ondorengo hamarkadetan ere herritarrei euskarazko zerbitzuak jaso ahal izatea ukatzen jarraituko die Nafarroako Gobernuak”, salatu du Gaubekak.

Eskubide urraketak, lehen pertsonan
Hainbat izan dira herritarrek beraien idatzietan deskribatu dituzten egoerak. Izan ere, herritarrek salatu dute Nafarroako Gobernuko hainbat zerbitzutan ezin izan dituztela zerbitzuak euskaraz jaso. Adibidez, Nafarroako Gobernuko edozein departamentutan arreta presentziala zein telefono bidezko arreta jasotzean, jakinarazpenak edo gutunak jasotzean, internet bidezko zerbitzuak jasotzean, osasungintzako profesionalekin harremanak izatean eta abar.

Era berean, Behatokiak, euskararen ezagutzarik izan ez arren, herritarrei administrazioarekin euskaraz jarduteko eta zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubidea murriztea “diskriminatzailea” dela adierazten duten herritarren idatziak ere erregistratu ditu. “Zerbitzuak gaztelaniaz edo euskaraz jaso nahi dituztenen arteko desberdinkeriak areagotzen dituztela” salatu dute.

Behatokiak eta bertaratutako herritarrek eskatu diote Nafarroako Gobernuari ezarri asmo duen Merezimenduen Dekretuak herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko moduko merezimendua ezar diezaiola euskararen ezagutzari. Azkenik, Euskalgintzaren Kontseiluak maiatzaren 7an Dekretuaren edukien aurka eta hizkuntza-eskubideen alde antolatuko duen manifestazioaren bat egin du Behatokiak, eta Nafarroa osoko herritarrei dei egin die parte hartzera.

Gehiago