1.083 tortura kasu identifikatu dituzte Nafarroan 1960tik 2015era bitarte

Iazko urtarrilean aurkeztutako txostena osatzen jarraitu du Kriminologiaren Euskal Institutuak, eta emaitza Tuteran aurkeztu du pasa den asteburuan.

2024-ko apirilak 15

Egindako lana Erriberan ezagutarazi nahi dute, eta torturatuak izan zirenengana iritsi. Iazko urtarrilean 1979tik 2015era bitarteko tortura kasuei buruzko azterketa aurkeztu zuen Kriminologiaren Euskal Institutuak (KREI), baina orduko hartan azaldu zuen ez zuela denbora nahikorik izan lantzeko. Horregatik, azterlana ez zen hor amaitu, eta 2023an ikertzen jarraitu zuten. Urte osoan bildutako datuak erantsita, gaur-gaurkoz 1960tik hona 1.083 tortura kasu ditu identifikatuak KREIk.

Arratsaldean plazaratu dute azterlana KREIk eta Nafarroako Torturatuen Sareak, Tuterako Rua kultur etxean. Ikerketa egin ahala jabetu dira frankismoaren azken urteetan eta trantsizioan tortura kasuak izan zirela Erriberan, eta pertsona horiengana heldu nahi izan dute haien lekukotzen berri izateko. Keinu horrekin aditzera eman dute ikertzen jarraitzeko asmoa dutela. Aurkezpenean izan dira Laura Pego KREIko ikerlaria eta Jeannette Ruiz psikologoa.

Azterketa kuantitatiboa

Orain arteko datu guztiak bilduta, 1960tik 2015era bitartean tortura jasandako 919 pertsona identifikatu dituzte, eta haiek 1.083 kasuren berri eman dute. Ondorioz, duela urtebete baino hamabost kasu gehiago identifikatu dituzte —dena den, aurreko urteko txosteneko azken datua estimazio batean zegoen oinarrituta, orduan aztertu gabe baitzituzten espedienteen %22, 310 kasu inguru—. Epe zabal horretan tortura jasan zutenen artean, 805 gizonezkoak dira, eta 131 emakumezkoak. Oraindik 80 espediente dituzte aztertzeko, horietatik hamabi 1960tik 1978 arteko epekoak, eta 68 kasu 1979tik aurrerakoak. Ikerlana eguneratuta, duela urtebeteko ondorio berera ailegatu da: «Zenbat kasu salatu diren ikusita, eskala handiko abusuez hitz egin dezakegu: testuinguru jakin batean egin baziren ere —borroka antiterroristan, nagusiki—, hurbileko garaietara arte iraun dute, nahiz eta azken urteetan neurri txikiagoan egin diren». Halaber, gogora ekartzen dute tortura «ukatua» izan dela, eta ez denez ikertu ez dela zigortu. «Ondorioz, erakundeekiko eta justizia sistemarekiko mesfidantza eragin die biktimei». Ikerketa batik bat 1979tik 2015erako kasuen inguruan ardaztu du KREIk. Epe horretako 741 kasu jaso ditu.

Tortura jasandako horiek non atxilotuak izan ziren ere zehaztu dute: Nafarroan atxilotu ziren %83,1, Gipuzkoan %7,4, Bizkaian %3, Araban %1, eta Espainian %3,1. Torturaren errealitateari aurre egiterakoan, maiz aipatzen da haren oinarria inkomunikazio aldia dela. Txostenaren arabera, salatutako 475 kasutan (%64) aitortu da inkomunikatuta zeudela; aldiz, hamasei kasutan torturatuek adierazi dute ez zeudela inkomunikatuta —beste 250 kasuetan, ez dago horri buruzko informaziorik—. Kasuen %29tan, atxiloaldia hiru egunetik beherakoa izan da, beste %20k bost egun eman zituzten polizia etxean, eta %14k, sei egunetik gora. 276 kasutan, ez dago nahikoa informaziorik. Istanbulgo Protokoloa Nazio Batuen irizpideei jarraituz tortura modu eraginkor batean aztertzeko prozedura da Istanbulgo Protokoloa.

Orotara 51 laguni ezarri diete protokolo hori bere kontakizunaren sinesgarritasuna neurtzeko —duela urtebeteko lanean 34 pertsona agertzen zirenez, esan nahi du azken hilabeteetan beste hamabost laguni egin dietela proba gogor hori—. Emaitzak xehetasun ugari baditu ere, ondorio nagusia da kontatutako kasu guztien sinesgarritasuna «sendoa» dela. Halaber, kasu bakar batean ere ez dute identifikatu inkoherentziarik edo funtsik gabeko konturik. Proba horretan, psikologikoki aztertzen dira kontakizunaren sinesgarritasuna, torturaren ondorioz bizitako erreakzio psikologikoak, gertaeren kontakizunaren eta emozioen arteko erlazioa, ahozko komunikazioaren eta gorputzeko keinuen arteko erlazioa eta luzarorako ondorio psikologikoak. Gainera, ondorio fisikoak ere aintzat hartzen dira.

Tuteran emandako hitzaldi osoa bideo honetan ikusgai.

Gehiago