“Izadi gurasoekin etxera” ekimenak Lizarraga eta Gutierrez presoen alabaren eskubideak errespetatzeko deia egin du
Maria Lizarraga eta Iñigo Gutierrez euskal presoen alabak bi urte bete dituen egunean hainbat ekimen egin dituzte Burlatan, Leitzan eta Algortan familia honen eskubideak aldarrikatzeko.
2021-ko urtarrilak 24
Burlata eta Algortako norbanako ezberdinek “Izadi gurasoekin etxera” iniziatiba sortu zuten “Izadik askatasunean, bere gurasoekin, bizi behar duela” aldarrikatzeko. Iñigo Gutierrez eta Maria Lizarraga Algortako eta Burlatako euskal preso politikoen alaba da Izadi. 2019ko urtarrilaren 23an jaio zen Valentzian eta urte eta erdiz bere amarekin Picassenteko amen moduloan egon ondoren, duela aste batzuk bere gurasoekin bizi da Aranjuez espetxeko familien moduloan.
Covid-19a dela eta, otsailetik bis a bisik gabe daramate, kanpoko inorekin kontaktu fisikorik izan gabe. Gainera ordutik Izadi ezin izan da senide eta lagunekin kalera atera edo Euskal Herrira etorri. “Dispertsioak ondorio are lazgarriagoak ditu ume txiki bat tartean denean, bere inguru naturalean hezteko eskubidea ukatzen bait zaio”, ohartarazi dute “Izadi gurasoekin etxera” ekimenetik. Bere senideek gastu ekonomiko gehigarri bati ekin behar izan diote umearekin kontaktua mantendu ahal izateko, eta umeak ezin izan ditu bere senide batzuk oraindik ezagutu. “Onartezina da 3 urte beteko dituen egunean gurasoengandik banatzera behartzea. Eta gainera, bere haurtzaroan bidaiak egitera kondenatzea”, salatu dute.
Espetxea ez dela ume batentzako bizilekua eta inguru honek ez dituela inondik inora asetzen ume batek dituen beharrak gogoratu dute. “Umearen beharrak behar den bezala ase izateko kalean bizi behar du, etxean, gurasoen ondoan. Eta hori da hain zuzen aldarrikatzen duguna, ez dezatela Izadi gurasoengandik banandu; Maria eta Iñigoren askatasuna bermatuko lukeen legea bete dezatela eta Izadik kalera atera behar duen momentuan bere gurasoekin atera dadila”.
Horregatik, hau aldarrikatu eta egoera salatzeko, Izadik 2 urte beteko dituen honetan, haientzako atzera kontaketa hasten dela salatu nahi dute eta elkartasun dinamika bat martxan jarriko dutela iragarri dute. Horretarako, hilabete bakoitzeko 23etan ekimen ezberdinak burutuko dituzte.