Atxikimendu politiko eta sindikal oso garrantzitsua jaso du euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioak

Gaur Sarek jakitera eman duenez, EAJ-PNV; EH Bildu; Podemos-Ahal Dugu eta Geroa Bai alderdiak, eta ELA, LAB, UGT, CCOO, STEILAS, ESK, EHNE, ETXALDE, HIRU, CGT eta CNT sindikatuek bat egin dute biharko mobilizazio egunarekin. Osotara, Euskal Herriko 240 herrietan izanen dira ekimenak.

2021-ko urtarrilak 8

24 ordu, Sare Herritarren deialdiaren baitan, berriro ere milaka eta milaka pertsona bilduko dituen eguna hasteko. Bihar goizeko 11:30ean Euskalduna Jauregian eginen den ekitaldian, esparru politiko, sindikal eta sozialeko ordezkaritzarik zabal batek hartuko du parte. Bertan izanen dira EAJ; EH Bildu; Podemos Euskadi eta Nafarroa eta Geroa Bai alderdien ordezkariak, eta ELA, LAB, UGT, CCOO, STEILAS, ESK, EHNE, ETXALDE, HIRU, CGT eta CNT sindikatuko kideak.
17: 30ean, berriz, Euskal Herriko 240 herritan mobilizazioak izanen dira, baina guztira 414 herrik egin dute bat mobilizazio horiekin, hainbat herritarako deialdi bateratuak eginez.
“Ez pandemia honek, ez eguraldiaren aurreikuspenek, ez dute gehiegi laguntzen, baina ziur gaude ditugun datuak ikusirik, aurten ere, milaka herritar batuko direla euskal presoen eskubideen urraketa amaitu eta Euskal Herrira itzultzen hasteko deialdiaren baitan. Eta horrekin batera, bizikidetzaren eta bakearen alde”, adierazi dute Bego Atxak eta Joseba Azkarragak gaur egindako agerraldian.
Kataluniatik ere babes handia
Kataluniako alderdiek ere bat egin dute deialdi honekin: ERC, Junts eta CUP. Eta baita beste hainbat pertsona esanguratsuk ere, tartean, Garaikoetxea eta Ibarretxe lehendakari ohiak, Puigdemont eta Torra Presidenteak; Torrent Kataluniako Parlamentuko Presidenteak; eta hainbat eragile, Omniun Cultural; ANC; Etxerat, etab.
Arratsaldeko ekimenei dagokienez, esan moduan, 240 herrik izango dituzte deialdiak:
– 17 Araban
– 74 Bizkaian
– 69 Gipuzkoan
– 80 Nafarroan
Baionan ere, ordu berean, mobilizazio bat egongo dela.
Sarerentzat “oso garrantzitsua” da desberdinen arteko adostasun eta akordioak lortzea “euskal presoei aplikatzen zaien salbuespenezko espetxe-politika honekin amaitu eta bizikidetzan eta konponbidean aurrera egiteko”. Eta , horretarako, ezinbestekoa jotzen dute gizarte-aktibazioa.

Gehiago