“Zama doinuz arindu” jaialdiaren VI. edizioa online eskainiko dute
Eñaut Elorrieta, Erramun Martikorena, Zetak, Skabidean, Anita Parker, Brigade Loco musikariek eta musika taldeek hartuko dute parte urtarrilaren 17an Etxarri Aranatzetik emitituko den euskal presoekiko elkartasun jaialdian.
2020-ko abenduak 10
Seigarren urtez izango da, eta egun bizi dugun osasun krisiaren ondorioz, datorren urtarrilaren 17an Zama doinuz arindu VI. jaialdia internet bidez jarraitzeko aukera izanen da. Sarrerak 10 eurotan erosi daitezke www.etxarriaranatz.eus web gunean edota Etxarri Aranazko Xapatero eta Leku Ona tabernetan, eta erosleek urtarrilaren 17an bertan jasoko dute jaialdia ikusteko lotura.
Etxarriko Sarek eta senide eta lagunek antolaturik, berriz ere Euskal Herriko abeslari ezagunen laguntzarekin kontatuko dute jaialdia aurrera eramateko. “Azken bost urtetako arrakasta ikusita, Etxarri Aranazko Sare Herritarra eta bertako presoen senide eta lagunak berriz ere Zama Doinuz Arindu VI. ediziorako animatu gara. Naiz eta bizi dugun egoera zaila den oso, aurrera egin nahi dugu Zama ekimenarekin. Aurrera egin beharra daukagu aurten okerrera egin bait du preso eta senideen egoerak. Zama arintzeko beharra handia da”, adierazi dute.
Aurtengo mezua hauxe da: “Gatazkak oraindik orain itxi gabeko ondorioak ditu. Kartzela politika anker honek giza eskubideak urratzen ditu. Konponbiderako denak gara giltza. Motxila horren zama, zentzu guztietan, arintzeko ariketa da “Zama Doinuz Arindu” kontzertu-ikuskizuna. Injustizia handi hau pertsona gutxi batzuen bizkarrean soilik erori ez dadin. Pisua denon artean eraman dezagun”.
Urrunketarekin amaitu beharra eta salbuespen legedia behin betikoz amaitzea eskatzen dute “etxeratzeko gero, falta diren guztiak. Bitartean zama arintzen segituko dugu”.
Lehen mailako musikariak izanen dira “Zama doinuz arindu VI” jaialdian:
1. EÑAUT ELORRIETA
2. ERRAMUN MARTIKORENA
3. ZETAK
4. SKABIDEAN
5. ANITA PARKER
6. BRIGADE LOCO
Gainera beste batzuen artean, Xabier Silveirak, Spray-k eta Erlantzek ere parte hartuko dute.