“Printzearen Harresia” Iruñeko haur eskolan euskarazko ereduaren defentsan eskaerak aurkeztu dituzte Hezkuntza Departamenduan

Euskara eskubidea defendatzeko eta gertuko euskarazko murgiltze ereduko haur eskolak eskatzeko instantziak entregatu dituzte Nafarroako Hezkuntza Departamentuan. Haur Eskoletako Gurasoak plataformak Gobernuari helarazi dio familien kopuru handi batek euskara murgiltze ereduan ikasi nahi dutela.

2020-ko abenduak 3

Gaztelania hutsezko eredura pasa berri duten “Printzearen Harresia” haur eskolako bularreko haurren kasua nabarmentzen da, non, familien kopuru handi bat, gaztelaniakoan gogoz kontra daudela eta murgiltze ereduko euskara lehenesten dutela adierazi duten.

Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentura jo du Haur Eskoletako Gurasoak plataformak. Jada aurreratu zuten bezala, “gertuko eta euskarazko murgiltze ereduko haur eskola publikoak eskatzeko” instantziak banatzen ibili da azken asteetan. Diotenez “benetako kasuak argira atera nahi genituen hitza familiei emanez”.

Topatu dituzten kasuen artean, aipagarria da Iruñeko hegoaldean kokatzen den eta aurreko urtera arte euskara hutsean aritzen zen “Printzearen Harresia” haur eskola. Bertan, gaztelania hutsean hasitako bularreko haurren geletan, familien kopuru handi batek, euskara murgiltze ereduan nahi dutela adierazi dute. Familia hauek adierazi dutenez, “gelako askok nahi dugu euskara murgiltze ereduan, gutako asko euskaldunak gara eta hezitzaileak ere euskaldunak dira. Gaztelaniaz matrikulatu ditugu gure seme-alabak ia ezinezkoa zaigulako hiriko beste puntara joatea egunero gure bularreko seme-alabekin. Nork uka dezake bazterkeria kasu hau?”

Gogoratu dutenez “haur eskola publikoen mapa begiratuta, hamasei haur eskoletatik euskarazko murgiltze ereduko haur eskola bakarra eta hiru eredu misto topa daitezke iparraldeko auzoetan zokoratuta. Nola ez ditugu horrelako kasuak salatuko?”

Haur Eskoletako Gurasoak plataformak adierazi duenez, “instantziak banatzen jarraitzen dugu eta datu gehiago eta injustizia kasu gehiagorekin itzultzea aurreikusten dugu”. Nafar Gobernuko eta Iruñeko Udaleko agintariei “euskaraz ikasteko eskubidea egikaritu eta gertutasun printzipioa betetzea eskatzen diegu. Eredu mistoei buruz galdetuta “murgiltze eredua pedagogikoki hizkuntzak ikasteko modu eraginkor bakarra da, eredu mistoan gaztelania gailentzen baita”.

Gehiago