Josetxo Arizkuren euskal presoaren egoera egonkortu da, baina UZIn aurkitzen da, eta gaur bere askatasuna eskatuko du Sare-k Iruñean
Sare Herritarrak Josetxo Arizkurenek Murtziako espetxean sufritu duen bihotzekoa salatu du. Josetxok aspalditik dauka diagnostikatua kardiopatia iskemiko larri bat, baina hala eta guztiz ere, ez diote espetxealdia arindu eta sakabanatua egonez gain, 1go graduan izan da urte guzti hauetan. Sare-k bere askatasuna eskatuko du gaur Iruñean arratsaldeko 20.00etan eginen den kontzentrazio batean.
2020-ko azaroak 30
Josetxo Arizkuren euskal preso politikoak bihotzekoa izan zuen atzo Murziako espetxean kirola egiten ari zenean. Espetxeko erizaindegira eraman zuten eta handik kanpoko ospital batera. Jakin denez, bere egoera larria zen eta UZIn ingresatu zen, baina bere egoera hobera egin duela jakitera eman du Etxeratek, eta laster plantara mugituko dute.
Sarek ohar batean gogoratu du Josetxo Arizkuren datozen egunetan Logroñora eramango dutela, hala iragarri zuelako Espainiako Espetxeetako Zuzendaritzak, baina bere kasuan lekualdaketa hau ez dela nahikoa azpimarratu du. “Gaixotasun larria duen presoa izanik, duela denbora behar lukeelako zigorra etxean betetzen, artatze egoki bat jaso eta gertatutako ekidingo zuen eremu babestu eta lasaian biziz. Horrez gain, atzotik bere egoeraren inguruan jasotako informazioa nahasgarria eta urria dela ere salatu nahi dugu. Atzo bihotzeko baten amagoa izan zuela jakin genuen, gaur aldiz, bihotzekoa izan zela esan dute (are larriagoa) eta ospitalizatua dagoela. Ez dugu beraz bere osasun egoeraren inguruko informazio garbia jaso, horrek senitartekoentzat dakartzan kezka eta beldurrak areagotuz. Guzti honi, urrundua izatearen eta ondorioz senide, konfiantzazko medikuen zaintzarik gabe egotea gehitzen zaio”.
Arizkurenek zuen afekzioarekin “gertatutakoa edozein momentutan eman zitekeela jakitun ziren espetxe arduradunak”, Saren ustez, eta hala ere “lehen graduan, urrundua eta legearen arabera eskubide duen askatasun eta zaintza egokirik gabe mantendu dute, beste behin ere, egoerak okerrera egin arte”, salatu dute. “Josetxok ezin da minutu bat gehiago pasa bere gertukoen eta konfiantzazko mediku baten artatzerik gabe. Josetxok etxean egon behar du”, adierazi du Sare-k.
Guzti hau salatzeko, gaur, azaroak 30, arratsaldeko 20:00etan Iruñean elkarretaratzea deitu du Sare Herritarrak, Merindades plazan.