Espetxeetan dauden gurasoen umeen egoera salatu du Sarek, batzuek 9 hilabete euren gurasoekin egotea ezin izan dutenean

Urrunketa eta Covid-19 pandemia elkarturik, guraso preso duten umeen egoera gero eta zailago bihurtzen ari da. Espetxeetan koronabirusari aurre egiteko ezarritako neurriak presoak gero eta isolatuago utzi ditu, eta euren seme-alabekin harremanak oztopatzen ditu. Kasu batzuetan, 9 hilabete daramate euren gurasoak ikusi gabe.

2020-ko azaroak 19

Bihar, azaroaren 20an, adingabeen eskubideen nazioarteko eguna da. Hori dela eta, Sarek gogorarazi nahi izan du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak berresten duela guraso espetxeratuak dituzten haurrek gainerako seme-alabek dituzten eskubide berberak dituztela, gurasoen konpainiaz gozatzea funtsezko elementua baita familia-bizitzan, eta, horregatik, espetxe-agintariek presoei hurbileko familiarekin harremanetan egoteko erraztasunak ematea familia- bizitzarekiko errespeturako eskubidea bermatzeko funtsezkoa da. “Gainera, ezin dugu ahaztu edozein Estatuk adingabeekiko duen betebeharra haien eskubideak babestea dela; horretarako beharrezkoak diren bitarteko praktiko eta eraginkorrak erabiliz, giza eskubideen izaera integrala kontuan hartuta”, azpimarratu du Sarek.

Motxiladun umeen eskubideak behin eta berriz urratuak izaten direla salatu du Sarek. “Urrunketaren eraginez, gurasoak espetxean dituzten haurrek ez dute bermatuta gurasoekin harreman pertsonalak eta kontaktu zuzena izateko eskubidea, hilabetean behin ikusten baitituzte haien guraso presoak eta honek eragin izugarria du haurrarengan. Gainera aita, ama edo biak, hain urruti dagoen espetxean egoteak esan nahi du haur hauek bidai amaigabeak egin beharko dituztela bisita bat gauzatu ahal izateko eta horrek izugarrizko zama fisikoa eta psikikoa suposatzen du haientzat; haien lagunak asteburutan jolasten dauden bitartean beraiek errepidean daudelako”, gogoratu du Sarek.

Errealitate gordin honi pandemia honek sortu duen egoera eta espetxeetan presoak gero eta isolatuagoak daudela gehitu behar zaio. “Badaude martxoaz geroztik haien gurasoak besarkatzen ez dituzten haurrak, beste batzuk aldiren batean aita edo ama ikusteko aukera izan dute 9 hilabete luze hauetan baina oraintxe bertan aurrez aurreko guztiak etenda daude Estatu Espainiarrean; Frantsesean, aldiz, espetxe batzuetan pertsona bakarra sartu daiteke bisitara, beraz, haurrak ezin dira joan ezin daitezkeelako bakarrik sartu; beste batzuetan pertsona bat baino gehiago sartu daiteke baina ezin dute musukoa kendu eta haurrak haien gurasotik metro eta erdira egon beharko dira. Haien ahotsa entzun dezakete dei baten bitartez baina ezin dituzte ikusi, ezin dituzte ukitu, ezin dute haiekin jolastu eta ezin diete muxurik eman; guzti honek haur baten garapenean izan ditzakeen ondorio guztiekin. Motxiladun umeak umezurtz uzten ari diren neurri eta politikak aplikatzen ari dira, gurasorik gabe bizitzera kondenatzen ari baitira” salatu du Sarek.

“Urgentziaz zerbait egin dezatela hau aldatzeko”

Espetxean bizi diren motxiladun umeek es dute egoera goxoagorik. “Aranjuezeko espetxean daude Izadi eta Irati eta 9 hilabete daramate haien senideak eta gertukoak aurrez aurre ikusi gabe. 9 hilabete daramate kalera irten gabe, lehendik lortutako egokitzapenean atzera pausu bat suposatzen duelarik. Eta gogorrena dena, udaz geroztik ez dute haien aitatxo ikusi, ondoko moduluan dagoen arren”, esan du Sarek.

Egoera hau onartezina jo du Sarek, eta urgentziaz aldatzeko eskumena duten horiei zerbait egin dezatela eskatu diete. “Gehiago luzatu gabe, presoak beren jaioterritik gertu egon behar dute. Probintzia berdineko espetxeetan. Hori da orain urgentea”, adierazi du Sarek.

Gehiago