‘Lau urte. Altsasukoak Aske’ eskultura mustu dute, laugarren urteurrenean eta oraindik 2 gazte preso daudelarik

Duela lau urte Altsasuko ferietan izandako liskarrarengatik Altsasuko gazteen atxiloketak izan ziren. Urteurrena gogoratzeko Altsasu Gurasoak taldeak eta Altsasukoak Aske plataformak eskultura mugikorra jarri zuten atzo Foru plazan, gogoratzeko oraindik Altsasuko 3 gaztek espetxean jarraitzen dutela.

2020-ko azaroak 15

Lau urte pasa dira Altsasuko zortzi gazte haien etxeetan, lantokietan edota ikastetxeetan atxilotu eta espetxeratu zituztela. Operazio honekin Altsasu Auzia bezala ezaguna egin dena hasi zen, “prozesu judizial manipulatua, logikarik gabekoa eta interes ilunek bultzatutakoa, oinarrizko eskubideak etengabe urratu diren prozesu bat”, Antxon Ramirez de Alda Altsasu Gurasoak taldeko kideak atzo adierazi zuen bezala. Urteurrena gogoratzeko Altsasuko Foru plazan “Lau urte. Altsasukoak Aske” eskultura bat jarri zuten, eta plazaren inguruetan egonen da bi edo hiru astez. Gainera, duela bi urte antolatu zituzten zikloan Elias Taño artistak margolan bat egin zuen eta plazaren inguruan jarri zuten.

Bestetik, Altsasu Auzia azken “urratsera” arte eramanen dutela jakinarazi zuten. Hortaz, Europako Giza Eskubideen Auzitegira joanen direla aurreratu zuten. 

Batzuk kalean, besteak oraindik espetxean

“Atxiloketak eta espetxeratzearen ondoren, Adurrek, Jokinek eta Oihanek ez zuten hiru urte t´erdian kalea ikusi”, gogoratu zuten. Denbora guzti horren erdia Madrilgo espetxe ezberdinetan pasa zituzten, Aranjuez, Navalcarnero eta Soto de Realen, beraien etxeetatik 500 kilometrotara eta FIES delako erregimenean. Gero Zaballako errespetuzko modulura eraman zituzten. 2020eko Uztailaren 3tik, hirugarren graduarekin eta 86.4 artikuluaren bitartez erregimen irekian aurkitzen dira. Gaur eguneko pandemia egoera dela medio, eskumutur edo orkatileko pultsera telematikoarekin daude, astean zehar lau egunez eta zortzi orduz egun bakoitzean beraien etxeetan egon behar dutelarik. Oihanen kasuan 9,5 urtekoa da kondena eta 8,5 urtekoa Adur eta Jokinen kasuan, baina gaur eguneko araudiaren arabera hirurek 2024eko maiatzean amaitzen dute kondena.

Aratzek eta Iñakik fidantzapeko behin behineko askatasuna izan aurretik 36 egun igaro zituzten Soto del Realen. Epaiketaren ondoren, eta sententziarekin, atxilotuak izan ziren berriro ere Jonan eta Julenekin batera modu azkarrean “ihes egiteko arrisku maila altuagatik”. Laurek beraien bizitzaren ohiko erritmoa berreskuratuta zuten nolabait, hau da, lanean edota ikasketatan murgilduak, ihes egiteko zantzurik gabe. “Berriro ere beharrezkoa ez zen operazioak argi adierazi zuen zein zen bere helburua, bertsio ofizialari sinesgarritasuna eman eta mina eragin”, adierzi zuten Altsasu Gurasoak taldekoek. Madrilen urte bat baino gehiago igaro ondoren Zaballara eraman zituzten non 2019ko abenduaren 20ra arte egon ziren. Guztira 598 egun espetxean. Gaur egun hirugarren graduan aurkitzen dira, pultsera bitarteko kontrol telematikoarekin eta astelehenetik ostegunera zortzi orduz beraien etxeetan igarotzeko zigorrarekin. Iñakiren kondena 2021eko urrian amaituko da eta Aratzena 2022ko uztailean. Beraiek izango dira printzipioz erabat libre geratuko diren lehenengoak.

Gaur egun Jonan eta Julen dira bigarren graduan eta ziegatan dauden Altsasuar gazte bakarrak. Guztira, hiru espetxe ezberdinetan igarotako 928 egun daramate preso. Zaballako espetxe juntak hirugarren gradua eskatu berri du beraientzat, hezitzaileen, psikologoen eta langile sozialen txosten baikorrak kontuan hartuta.

“Ulergaitza den erantzuna jaso dute Madriletik, ezezkoa. Hau, kondenaren erdia bete ez izanari leporatu ahal zaio, baina juridikoki hori ez da beharrezkoa eta sententzia epaileak ere ez du hori adierazten. Ez zuten inoiz ere espetxe barruan egon behar eta gaur egun preso jarraitzea zentzurik ez duen jarrera guztiz mingarria da”, salatu zuten senideek. Familiek gradu maila honen kontrako helegitea aurkeztu dute.

Gastu ekonomikoa, beste zigor bat senideentzako

4 urte hauetan gertatukoak familiei eragin dien gastu ekonomikoa zifretan kuantifikatu dute Altsasu Gurasoak: 353.000 eurotara iristen da. Horri gehitu behar zaio bisitetan egindako kilometroak, 539.000r, “Lurrari 13 bira emango bagenio bezain beste”.

Eta orain COVID-19a espetxeetan uzten ari den egoera gehitu behar da. Vis a vis-ak bertan behera eta komunikazioak erabat murriztuak. “Gure semeek eta familiek kolpe berri bat jaso dugu. Preso dauden pertsona guztien eskubideak defenditzeko asmoz, espetxe arloan lan egiten duten beste kolektiboekin batera #SOSPresoakCovid19 kanpainan modu aktiboan parte hartu dugu”, gogoratu zuten.

Gizarte honen eskutik jaso dugun babes eta bero guztia eskertu nahi izan zuten. “Mobilizazioak balio izan duela argi dugu eta Altsasuko familiak eta herria beti egongo gara zuei eskertuak, zuen konpromezua ezinbestekoa izan da hona iristeko, bihotzez eskerrik asko”, esan zuten.


Eta orain, Europara justiziaren bila

Behin Auzitegi Nazionalak sententzia igorri eta Audientzia Nazionalean eta Gorenenan helegiteak aurkeztu ondoren, Espainiako sistema judizialak eskaintzen dituen aukera guztiak agortu dituztenean, Europako bidea zabalik dago. “Berandu iristen den arren, notizi on bat”, onartu zuten.  “Gaur egun, gure abokatuak gai hau lantzen ari dira”, eta azpimarratu zuten helegite hau jendearen eskutik jaso duten animo eta indarraren ondorioa dela. “Zuekin gaude konprometitutak eta badakigu Europan gure seme-alabek eta gu ez garela bakarrik egongo”, bukatu zuten.

Gehiago