Pandemia garaian AHTri dirua bideratzea gaitzetsi dute eta gastu sozialetan inbertitzea proposatzen dute

Orain Ardura ekimenak AHT lanak bertan behera uztea eta aurrekontuetan egitura honi dirua ez bideratzea eskatu du.

2020-ko azaroak 4

Azken egunotan atsekabe handiz ezagutu dugu gobernu zentralaren 2021erako aurrekontu-proposamena, bai Euskal Autonomia Erkidegorako, bai Nafarroako Foru Erkidegorako ere. EAEra bideratutako 570 milioi eurotatik, AHTk 294 milioi euro jasoko ditu, hau da, % 51,5. Nafarroari dagokionez, aurrekontuan jasotako 87 milioi euroetatik 62 milioi AHTra doaz, hau da, % 62,67.

Badirudi, 1929ko Crack-aren osteko krisirik larrienaren erdian, gobernu zentralari ez zaiola formula hoberik bururatzen hortik ateratzeko, EHra bideratutako aurrekontuaren erdia baino gehiago alferrikako azpiegitura suntsitzaile eta xahutzailea finantzatzen jarraitzeko erabiltzea baino. Eta ez hori bakarrik, gobernu autonomikoek ere horren eraikuntzan tematuta segitzen dute, Eusko Jaurlaritzak obren agintea hartzeko duen interesak erakusten duen bezala, obra hori finantzatzeko Europako berreraikuntzako funtsetatik 2710 milioi € eskatuz. Era berean, Nafarroako AHTa eraikitzeko funts horien zati bat ere eskatu du Foru Gobernuak.

Eta, bien bitartean, biztanleria pobretzen neurririk gabe, langabezia-tasa gero eta handiagoa, oinarrizko sektoreetan etengabeko murrizketak, ospitaleak kolapsoaren ertzean, zaharren egoitzak gaindituta, pertsiana jaitsi behar duten sektore ekonomikoak ugarituz, hala ostalaritza nola kultura, eta konfinamendu orokor berriak ate joka, jasaten ari garen krisi sistemikoa okertu baino egingo ez dutenak.

AHTaren lanekin jarraitzeak putzu batean gehiago hondoratzen jarraitzea suposatzen du, putzu horretatik nekez atera ahal izango garela jakinda.

Orain Arduratik anabasa honen erdian gutxieneko arrazionaltasun izpi bat baino ez dugu eskatzen. Lan zentzugabe hori geldiaraztea eta funtsak benetan garrantzitsua den horretara bideratzea baino ez dugu eskatzen, hau da, sistema publikoa indartzera, bizi-baldintza duinei eusteko, enplegua, osasuna, irakaskuntza, pentsioak, etxebizitza, gizarte-zerbitzuak eta herritar guztientzako kalitatezko zaintzak ziurtatuz. Azken batean, biztanleriaren bizitza eta biziraupena politikaren erdigunean jartzea.

Gehiago