OndalanKoop, ekologiko eta ongi jateko helburua bilatzen duen kooperatibak diru bilketa bat jarri du martxan

OndalanKoop-ek bertako eta ekologikoak diren produktuekin astero menu bat osatuko du eta jateko prest izanen diren plater goxoak eskainiko ditu bere komunitatearen parte izanen direnei. Nafarroan garatuko den proiektu hau ekonomia sozial eraldatzailean kokatzen du bere burua eta OlatuKoop eta KoopFabrikarekin batera lan egiten ari da Udalbiltzaren Hauspotu programaren baitan. Crowdfunding bat jarri dute martxan inbertsio batzuk egin ahal izateko.

2020-ko irailak 14

Ez da soilik katering zerbitzu bat izanen, baina proiektu honen hastapenetan zerbitzu honetan zentratuko dira, euren bazkideen otorduak prestatzeko. OndalanKoop mikrokooperatiba urrian hasiko da lanean osatzen ari den komunitateari jaten emateko. Ekologiko eta bertako produktuak erabiliz, plater ezberdinak prestatuko dituzte menu osasuntsuak eskaintzeko.

Ondalankidez osaturiko komunitateen beharrak asetzeko helburua dute, gero eta azkarrago doan mundu ero honetan jende askok sukaldean aritzeko dituen arazoak jabeturik. Dirua eta denbora aurreztuz, prezio onean ongi jateko aukera emanen dute.

Ondalankideaz osaturiko komunitatea sortu nahi dute. Baina bazkidea izateko ez da kuota bat ordaindu behar. Lehengo asteko erreserba egitearekin, zuzenean bazkidea bihurtzen zara. Asteko eskaera minimoa 8 ontzirena da. Gainera bazkidetza banakakoa edo partekatua izan daiteke. Menua osatzeko OndalanKoop  webgunean eskaintzen diren platerren artean aukeratu beharko da, eta ondoren izanen diren jasotzeko puntuetara bertaratu plater horiek jasotzeko. Momentuz, hiru herrietan jarriko dira jasotzeko puntuak: Burlatan, Tafallan eta Unx-en. Telefonoz edo whatsappez eskariak egiteko ere aukera emanen dute.
 

OndalanKoop, proiektu gehiago abiapuntu
OndalanKoopek elikadura hartzen du abiapuntu, baina herritik herriarentzat beste hainbat proiektu bultzatzeko tresna izan nahi du. Lortuko den etekin guztia soldata duinetan eta bultzatu nahi dituzten herri egitasmoetan inbertituko da. Jadanik, Ondalankideek egindako ekarpenekin, etorkizunean sortzeko eta garatzeko hainbat ideia azaleratu dira. Honek aurrera egin dezan, gutxienez 100 ondalankide behar dituzte. Crowfounding bat ere jarri dute martxan egin behar dituzten hainbat inbertsio gauzatu ahal izateko.

Ekonomia sozial eraldatzailea eraikitzeko OlatuKoop eta KoopFabrikarekin batera lan egiten ari dira Udalbiltzaren Hauspotu programaren baitan.

Gehiago