Espainiako Erantzukizun Fiskaleko Agintaritzak AHTren inguruan egindako azken txostena proiektuari beste zartada bat ematen diola dio AHT Gelditu-k
Espainiako AIREFek duela egun gutxi aurkeztu duen abiadura handiko sareari buruzko txostenak Gobernu zentralari eskatu dio amaitzeko dauden lineetan inbertsioa birplanteatzeko. AHT Gelditu esanetan, txosten hau AHTren egitasmoari ematen zaion beste zartada bat da.
2020-ko abuztuak 6
Europako Kontu Auzitegiak AHTari oro har eta bereziki Euskal Y-ari egindako kontrako bi txostenen ondoren, Espainiako erakunde batek, AIREF (Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentea), oraingoan emandako zartada ikaragarri hau iritsi da.
Erakunde horrek ohartarazi duenez, Espainiako estatuko AHT lineak munduko abiadura handiko sare zabalena dira, Txinaren ondoren, eta, aldi berean, erabilera-intentsitate txikienetakoa dute. Gainera, adierazi du AHTa eraikitzearekin ez dela ikusten kohesio sozial handiagorik, lurralde-desberdintasunak areagotzen direla eta sortzen dituen onura sozialek, ezdeusak edo antzemanezinak, ez dituztela konpentsatzen eraikuntzako kostu finko izugarriak. Horrez gain, salatu du herritarren mugikortasun-beharrak kontuan hartu gabe egiten ari direla, bidaiari potentzialen zifrak puztu direla eta eraikuntza-kostuak beherantz aurreikusi direla. Amaitzeko, kritikatzen du trenaren erabiltzaileen % 90ek baino gehiagok aldiriko zerbitzuak erabiltzen dituztela, eta, aldi berean, urte hauetan guztietan oso inbertsio txikia egin dutela aldiriko sarea hobetzeko. Kasu askotan, aurretik onartutako aurrekontu-partidak ez dira inbertitu.
Hori guztia dela eta, AIREFek Espainiako gobernuari eskatu dio birplanteatzeko amaitzeko dauden abiadura handiko lineen 5.654 kilometroak eraikitzeko falta diren 73.000 milioi euroko gastua, adieraziz honez gero 55.888 milioi euro gastatu direla.
Txosten suntsitzaile honek AHTren aurkako oposizioak urte hauetan guztietan izan dituen tesiak balioztatu besterik ez du egiten. Gaineratu behar da orain arte eraikitako lineen errentagarritasun soziala ezdeusa edo antzemanezina bada, zein izango da orain eraikitzen ari diren lineen errentagarritasuna, erabilera potentzial askoz txikiagoarekin?
Beraz, gobernuei exijitzen diegu erakunde horren gomendioak praktikan jar ditzatela eta berehala geldi ditzatela Espainiako estatu osoan amaitzeke dauden AHT lanak, Euskal Y-a eta Nafarroako korridorea barne. Bi kasuetan, egiteko dagoen gastua orain arte xahututakoa baino handiagoa da, batez ere Nafarroako kasuan, obrak hasi besterik ez baitira egin.
Uste dugu garaia iritsi dela inora ez doan lasterketa zoro honetan arrazionaltasun-dosi txiki bat ezartzeko. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko ordua heldu da. Aski da! lurraldea suntsitzen jarraitzeari eta gastu sozialetarako inoiz baino beharrezkoagoa den kapitala xahutzeari utzi!
Arrazoigabekeria handi honen aurrean, Euskal Herrian abiadura handiko proiektu guztiak salatzen jarraitzeko deia egiten dugu, behin betiko gelditzea lortu arte.