Salbuespenezko espetxe politikaren berehalako eta behin betiko amaiera eskatuko du Etxeratek hondartzetan
Datorren igandean, abuztuaren 2an, Etxerat berriro bilduko da Euskal Herriko hondartzetan, salbuespenezko espetxe politikaren behin betiko amaiera eskatzeko.
2020-ko uztailak 28
Izan ere, bada garaia euskal presoen familiakoei, seme-alabei, gurasoei eta lagunei ezartzen zaien zigorrarekin eta sufrimenduarekin amaitzeko, eta bizirik eta etxean nahi ditugulako.
Aurten ere garrantzitsua izango da hondartzetako hitzordu mobilizatzaile hori, urte korapilatsu baten ondoren. Izan ere, beldurra eta ziurgabetasuna izan dira nagusi, osasun-krisiak espetxeetan izan duen eraginarengatik. Alarma-egoera deklaratu eta bost hilabete igaro dira eta ezjakintasun, segurtasun eza eta kezka egoera hau jasanezina da.
Horregatik guztiagatik, salbuespen neurriak berehala amaitu behar dira eta euskal presoek Euskal Herrian egon behar dute, Euskal Herriko espetxeetan. Egin dezakete, azkar egitea posible da. Eta egin beharko dute. Ez da nahikoa bide erdian dauden espetxeetara eramatea. Euskal Herrira eraman beharko dituzte, legeriak hala onartzen duelako eta urruntzeak kaltetutako ehunka pertsonen familia-lotura errespetatzeko berme bakarra delako.
Estatu frantsesak ez du oraindik desblokeatu betikotasunera kondenatutako presoen baldintzapeko askatasunen balazta, ez eta larri gaixoen askatasuna ere. Estatu espainiarreko 199 presoetatik 9 bakarrik daude Euskal Herriko espetxeetan. Horietatik guztietatik, 6 preso baino ez daude hirugarren graduan eta 140k lehen graduan jarraitzen dute.
Lanean jarraitzeko eta hori egiteko dugun eskubidea defendatzeko konpromisoari eusten diogu, bakerako eta bizikidetzarako ekarpenak eginez, konponbideari eta etorkizunari begira: gertatutakoa berriro gerta ez dadin.
Euskal gizarteak aurrera egin nahi du konponbidean eta bakean, bizikidetzan, eta, beraz, ezin dugu onartu estatuek ehunka familien sufrimenduari eustea; izan ere, milaka pertsonek jarraitzen dute espetxe-salbuespenaren ondorioak jasaten.
Bukatzeko, abuztuaren 2an hondartza hauetan gurekin batera egoteko deia egiten diegu euskal herritarrei:
-Bizkaia: La Arena, Laga, Laida, Lekeitio, Ondarru 12:00; Bakio 12:30; Ea eta Laidatxu 13:00.
-Gipuzkoa: Donostia, Hondarribia, Mutriku, Orio, Zarautz, Deba 12:00.
-Lapurdi: Hendaia, Donibane Lohitzune 12:00.