Espainiako erregeak txistu eta protesten artean iritsi dira Nafarrora

ELA eta LAB sindikatuek eta Zizurko herri mugimenduak Espainiako erregeen presentzia arbuiatu dute Aspacen egindako bisitan. Monarkia erakunde arkaikoa, antidemokratikoa, matxista eta ustela dela salatu dute.

2020-ko uztailak 27

Espainiako erregeak Aspaceko Ramon y Cajal eguneko zentroan izan dira Zizur Txikian. ELA eta LAB sindikatuek monarkiarekiko erabateko gaitzespena adierazi dute bertan egindako kontzentrazio batekin. Haiekin batera Zizurko herri mugimenduak deialdira batu direnak izan dira. Nabarmendu dutenez, erregeak Nafarroan ez dira ongi etorriak.

Espainiako monarkia pairatzen ari garen osasun-krisia eta gizarte-larrialdiko krisia aurpegia garbitzeko erabiltzen ari da, enegarren ustelkeria kasu borboniarraren ostean. Zerbait onartezina eta zitala. Ez langileok, ez erabiltzaileok, ez dugu errege eta erregina ustelen bisitarik behar. Giza baliabide eta baliabide material nahikoak eta egokiak behar ditugu, eta lan-baldintza duinak behar ditugu erabiltzaileei bizitza duina bermatuko dien kalitatezko zerbitzua eman ahal izateko. Hauek dira gure benetako beharrak eta erronka“, esan dute sindikatuek.

Sindikatuen hitzetan “ez da kasualitatea” Espainiako erregeak Nafarroara etortzen direnean enpresari nafarrek gonbidatuta egitea edo aukera baliatzea enpresaren bat bisitatzeko. “Batzuek menekoak nahi dituzte eta besteek esklaboak. Lurralde honetan oso ondo dakigu kapitalaren eta monarkiaren arteko aliantza honek zer suposatzen duen: eskubide eta askatasun falta, prekarietatea eta pobrezia handia. Bestela esanda, 78ko erregimena egoera puruan: errepresioa, eliteentzako pribilegioak, dietak, komisioak, enpresarientzako ordainketak beste mesede batzuen truke“, azpimarratu dute ELAk eta LABek.

Ustelkeria eta 78ko erregimena
Espainiako trantsizio politikoak, eredugarritzat jotzen dutena, monarkia berrezartzea ekarri zuen, Francok aginduta eta hil eta bi egunera. Hala, Espainiako konstituzioak ezarritako Borboien bortxaezintasunak, monarkiaren aldeko propaganda negargarriko lau hamarkadekin batera, Borboien aberastea, ustelkeria eta eragiten dioten eskandaluak ahalbidetu ditu, edo Borboiek eskrupulurik gabeko enpresariekin eta nazioarteko diktadore odoltsuekin duten harremana“, salatu dute sindikatuek. Horrexagatik uste dute 78ko sistema eta erregimen horrek “ezin diola entzungor egiten jarraitu berroneratzeko eta konponbide demokratikorako premiazko beharrari“, eta Nafarroako gizarteak bere etorkizuna erabakitzeko garaia dela iritzi dute.

Gehiago