Patxi Ruizen osasun egoera pixkanaka hobera egiten ari da eta dagoeneko beste euskal preso politikoen zaintzarekin dago
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak jakinarazi duenez, euskal preso politikoak 16 kilo galdu zituen gose eta egarri greban egon zen bitartean. Orain ongi errekuperatzen ari da Murtzia II-ko espetxeko 10. moduloan, azken 15 egunetan erizaindegiko moduloan bakarturik egon ostean. Bertan beste euskal preso politikoak daude.
2020-ko ekainak 13
Patxi Ruiz euskal presoaren osasun egoera hobera egin du azken orduetan, gose greba utzi eta bi egunera. Eta orain, Murtzia II-ko espetxearen 10. moduloan aurkitzen da, beste euskal preso politikoekin batera. Bere hurkoek adierazi dutenez, “esfortzu izugarria izan zen berarentzat erizaindegiko modulutik 10.era joatea. Eskailerak igotzea ere kostatu zitzaion pilatutako ahuleziagatik”. Lehenengo egun horretan dieta likidoa jaso zuen, zukuen bidez, eta on egin ziola aipatu dute.
Bere amari azaldu dio dieta ondo ematen ari zaizkiola eta gorputza egonkortzen hasi dela. Sagar egosia eta patata zein kalabaza pureak jan ahal izan ditu. Agentzietatik zabaldu dutenaren kontra, Patxik ez ditu 4 kilo galdu gose eta egarri greban zehar, baizik eta 16 kilo.
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak salatu du berri agentzia eta komunikabide hauen jarrera. “Zaharra da militante politikoen gose grebak faltsuak diren ideia zabaltzeko etsaiaren estrategia. Lehenago ere ezagutu ditugu horrelakoak, eta ezin zitalagoa izan bere eskubideak defendatzeko beste biderik aurkitzen ez duen pertsona baten borroka gogorrari buruz gezurrak botatzea baino”.
Giltzurrunean akatsa izatearen ondorioz ospitaleratua izan eta gero, Patxik edateari ekin zion pisu pixka bat berreskuratuz. Hau gertatzen da gorputza hidrataziorik gabe egonda, edatean ura xurgatzen hasten delako. Gero, berriro hasi zen pisua galtzen gose grebaren ondorioz, esan bezala, 16 kilo galdu arte, esan du AAEAM-k.
Gose greba uzteko Patxiren arrazoiei dagokienez, berak idatziko dituela iragarri dute, baina hori egiteko indarrak bildu behar dituela aipatu dute.