Eskubide Sozialen Gutunak mobilizazioak deitu ditu ekainaren 19rako Euskal Herriko hiriburuetan

Konfinamendua eta gero ekainaren 19an kalera ateratzeko deia egin du Karta Sozialak, bizitzak erdigunean jartzeko eskariarekin, eta ez merkatua, etekin ekonomikoak eta jabetza pribatua. Manifestu bat prestatzen ari dira eta laster lortutako atxikimenduak zabalduko dituzte.

2020-ko maiatzak 29

“Luzeak egin zaizkigu egunak. Ikusezina den zerbaitek gure egunerokotasuna goitik behera zeharkatu du eta normalitatea hautsi. Dagoeneko gauzak aldatu dira eta ez gara lehengora bueltatuko. Berdin zaigu, ordea, guk ez dugulako nahi aurreko normalitatea, guk aurrera egin nahi dugulako” dio Eskubide Sozialen Gutunak ekainaren 19rako deitu dituen mobilizazioak babesteko Euskal Herriko dozenaka lagunek sinatuko duten Manifestuak. Idatziaren zati batzuk besterik ez dituzte publiko egin momentuz, baina krisi honek eragin dituen egoerei erreparatzen dio.

“Atzean utzi nahi dugu osasun krisi bati erantzuteko gai ez den jendarte antolaketa. Pertsonak, komunitateak eta planeta babestea lehenetsi behar da, ez merkatua, etekin ekonomikoa eta jabetza pribatua. Langile eta herri sektoreen interesak erdigunean jartzeko unea da. Lehenik bizitza!”, dio manifestuak

Konfinamendu eta pandemiaren aurkako aste hauetan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak aktibo jarraitu du, batez ere ‘Gizarte Aldaketa bultzatzeko dekalogoarekin’ edo ‘Ez dugu ahaztuko’ kanpainarekin. Ezin da errepikatu aurreko krisien ondoren gertatutakoa, eta konfinamenduaren gogorrena igaro ondoren, kalea berreskuratuko dugu.

Gehiago