Lanbide Heziketa eta euskara
Nafarroako hezkuntza sisteman alderdi politiko batzuek euskararen irakaskuntzaren aurka egiten dituzten diskriminazio guztiak ikus ditzakegu. Oraintxe bertan Iruñeko edo Mendigorriako haur eskolekin ikusten ari gara, baina Lanbide Heziketa da ahaztuta dagoena.
Mikel Auza Makutso LAB, Iñigo Barace Tapia Steilas, Alfredo Lakuntza Vicario ELA
2020-ko maiatzak 15
Duela oso urte gutxira arte, ezin izan dugu LHko ziklo edo zentrorik euskaraz ikusi.
Azkenik, ikastetxe txikietan lortu da, hala nola Beran edo Baztanen eta zikloren bat
Iruñean edo Iruñerrian.
Gaur egun, goi-mailako 94 ziklo eskaintzen dira gaztelaniaz, 4 gaztelania-ingelesez, 1
gaztelania egokitua eta 7 euskaraz. Erdi Mailan 102 ziklo gaztelaniaz eta 13 euskaraz
eta azkenik, Oinarrizko Lanbide Heziketan 47 gaztelaniaz eta 3 euskaraz. Bera eta
Baztango Ikastetxeak kontuan hartzen baditugu, konturatuko gara Iruñean eta bere
eskualdean, euskaraz ikasteko eskubidea ez bermatzeaz gain, euskarazko eskaintza
ez dela nahikoa D eredutik datozen ikasleen eskarirako.
Sakana I.I.P ikastetxean plan estrategiko bat egin zen, Berako Toki-Ona Institutuan
edo Baztanen aurretik egin zen bezala. Ikastetxe hauek,gainera, eremu euskaldunean
daude kokatuta. Plan estrategiko horrek proposatzen zuen behin betiko langileek
erretiroa hartzen zutenean edo lekualdatze-lehiaketa ostean beste ikastetxe batera
joanez gero, behin betiko irakasle berriak euskaldunak izatea. Behin behineko
irakasleei berriz, portzentaia batean euskara jakitea eskatuko litzaieke eta irakasle
euskaldunak arian-arian gehitzen joango lirateke. Ibilbide bera egin zuten Beran edo
Baztanen 1998tik eta inoiz ez zen inor aurka agertu. Horrela, irakasleak gai dira
ikasgaiak gaztelaniaz eta euskaraz emateko, ikasleen beharretara egokituta. Orain,
ordea, Hezkuntza Departamentuak atzera bota du Ikuskaritzak eta ikastetxeko
klaustroak bere garaian onartutako Plan Estrategikoa eta ikasle euskaldunen % 70ak
baino gehiagok ez du inolako eskubiderik ikasketak euskaraz jarraitzeko.
Txantrean, duela urte gutxi, Mekatronikako Goi Maila bikoiztu zen C.I.P. Virgen del
Camino ikastetxean. Euskaraz jartzeko adina ikasle zeuden, baina interes ilunak zirela
medio, ez zen planteatu ere egin.
Salatu nahi dugu Hezkuntza Departamentuak betidanik eta gaur egun ere, duen
interesik eza Lanbide Heziketan euskarazko zikloak sartzeko. Badakigu COVID-19ak
eragindako salbuespen-egoeran beste lehentasun batzuk daudela larrialdiagatik, baina
eskariaren azterketa egin dezakete eta egin behar dute. LAB, STEEILAS eta ELAtik
Tomas Rodriguez eta Esther Monterrubiori, Lanbide Heziketako Zuzendari Orokorrari
eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Plangintza eta Berrikuntza
Zerbitzuko zuzendariari, Nafarroako LHko euskararen eskariaren azterketa bat egiteko
eskatzen diegu. Kontuan hartuta euskarazko zein gaztelaniazko zikloek baldintza
berberak izan behar dituztela, ordutegi plana, diskriminaziorik eta bestelakorik gabe.
Hezkuntza Departamentuak ez ditu inoiz ikasleak kontuan hartzen, ezta haien
eskaerak edo beharrak ere, erabakiak hartzerakoan. Hortaz, uste dugu ikaslegoak
prozesuan parte hartu behar duela ikasgelatik haratago. Hezkuntza proiektu orokor
baten zatitzat ulertu behar da. Garrantzitsua da, halaber, senideek parte-hartze zabala
eta bizia izatea beren testuinguruaren sinbiosian. Nor da honetan kaltetuena? Argi eta
garbi, ikasle euskaldunak eta ikasketak euskaraz egin ezin dituztenak. Lehen eta
bigarren mailako herritarrak egotea onartezina den bezala, Lanbide Heziketan ere
ezberdintasun hori ez da onargarria.