Maiatzaren Lehenean, euskal gehiengo sindikalak bat egiten du bizitzak erdigunean jartzeko deia eginez
Gehiengo sindikalak irudi komuna partekatuko du Maiatzaren Lehenean eta herritarrei irudi hori balkoi nahiz leihoetan jartzeko deia egiten die.
2020-ko apirilak 23
Aurreko urteetan bezala sindikatu bakoitzak Maiatzaren Lehenaren aurretik nahiz egunean bertan bere ekimen propioak antolatuko baditu ere, aurten irudi komun bat partekatuko dute Euskal Gehiengo Sindikaleko sindikatu guztiek (ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE), egungo salbuespen egoeran mezu komuna emateko.
Koronabirusaren krisiak, eta aurretik bizi den krisi sistemikoak sindikalgintzaren erantzuna behar duela uste dute sindikatuek.
Egoera honetan, ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuek deialdi bat egiten diote langile klaseari euren leihoetan eta balkoietan Maiatzaren Leheneko ikurra jartzeko deia “langileon indarra eta aldarrikapena ikustarazteko”.
“Maiatzaren Lehenaren eguna aldarrikatu eta ospatu nahi dugu, modu koloretsu batean. Kapitalak marraztu nahi digun etorkizun beltzaren aurrean, guk bizitza erdigunean jarriko duen etorkizuna marraztu nahi dugu, etorkizun koloretsu eta dinamikoa”, diote oharrean.
Irudi hau sindikatu bakoitzak argitaratzen dituen kartel digital, bideo eta abarretan presente egongo da. Horrekin batera, Euskal Gehiengo Sindikalak dei egiten dien herritarrei aipatutako irudia nork bere balkoian edo leihoan jartzeko, izan inprimatuta, izan eskuz egina.