“Madril hezkuntza konpetentzia guztiak bereganatzen ari da”, salatu du LABek
Ministerio de Educación y Formación Profesional delakoak eta RTVE-k abian jarri dute “Aprendemos en casa” saioa, estatu osoko 6-16 urteko ikasleei zuzenduta. Dekretuz hezkuntzan ere 155 ezarri du Madrilgo Gobernuak, programazio eta eduki bateratuak ezartzen baititu estatu osorako, eta soilik gaztelaniaz.
2020-ko martxoak 24
Honetaz gain, Madrilen erabakiko dute Selektibitatearekin eta Oposaketekin zer egin, Hego Euskal Herriko ikastetxeen itxiera erabaki zuten bezala. Koronabirusen krisi hau areagotzen ari da zentralismorako joera, baita hezkuntzan ere; alarma-egoera ezarri zenetik gero eta argiago ikusten dugu gurean eragin handia duten erabaki asko Madrilgo eta Parisko gobernuek hartzen dituztela.
Hori dela eta, gaur inoiz baino garrantzitsuagoa da hezkuntza-burujabetza aldarrikatzea. Bide horretan eman beharreko urratsak, haien artean euskal curriculum-a garatzea ahalbidetu behar duen Hezkuntza Legea, ezin dira gehiago atzeratu, eta agendan jarri beharko dira krisia amaitu eta berehala, hezkuntza- eragile guztien parte-hartzearekin errealitate bilakatzeko. Bide batez, ongi-etorria eman nahi diegu azken egunotan hezkuntzak bizi duen egoera berezi honi erantzuteko sortu diren ekimen herritarrei, inposaketak gainditzeko Euskal Herritik eta euskaraz egindako ekarpen gisa. Era berean, gure hezkuntza ereduarekin talka egiten duten Selektibitatea zein Oposaketekin zer egin erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu. LABek Euskal Eskola Publiko Komunitario iruten jarraitzeko deia egiten du, Hezkuntza Sistema propio eta burujabea aldarrikatzearekin eta exijitzearekin batera.