“Etxebizitza ez da eskubide bat Nafarroan, negozioa da”, dio ELAk

Alokairuaren prezioa 650 eurokoa izan dadin Nafarroako Gobernuak eta Testa Residencial funts-putreak lortutako akordioak "ez dio konponbiderik ematen arazo horri, eta, gainera, genero inpaktu izugarria dakar", dio sindikatuak

2020-ko otsailak 20

Nafarroan ehunka familia igaroko dira alokairu babestua izatetik beren etxebizitza funts-putre baten menpe egotera (Testa Residencial, kasu honetan). Horren arrazoia da funts-putreak etxebizitzak erosi izana, eraikin horiek etxebizitza babestutzat deskalifikatuta geratu ondoren. Bere garaian finantza-erakundeek sustatu zituzten etxebizitza babestuak dira, eta 20 urtez alokairu sozialera bideratzera behartuta zeudenak. Orain, ordea, kalifikazioa amaitu eta saldu edo alokatu egin ditzakete. Horrek suposatzen du han bizi direnentzat alokairuaren prezioa izugarri garestituko dela eta euren etxebizitzan jarraitu ahal izateko inolako bermerik ez daukatela, orain funts-putre horren esku baitaude.

Egoera hori Nafarroako etxebizitza politikaren porrotaren ondorioa da, eta erakusten du etxebizitza ez dela eskubide bat, negozioa baizik.

Prezioa 650 euroraino igotzeko Nafarroako Gobernuaren eta funts-putrearen arteko akordioa, ez da inolako konponbidea arazo horri aurre egiteko; izan ere, familia horietako askok ezingo dute prezio hori ordaindu (igoera horrek orain arte familia askok ordaindu duten alokairua bikoiztea ekarriko du). Gainera, soldata-arrakala eta pentsio-arrakala direla eta, neurri horrek genero-inpaktu izugarria du.

Egoera horrek islatzen du norentzat egiten den etxebizitza-politika eta zer interes babesten diren: funts-putreek ia zergarik ordaintzen ez duten bitartean eta zerga-tratamendu pribilegiatua duten bitartean, baliabide gutxien dituen jendeak bere etxebizitza utzi behar du, edo askoz gehiago ordaindu behar du haren truke.

ELAk alokairuko etxebizitza babestuen parke publiko bat exijitzen du, etxebizitza duin eta egoki baterako sarbidea bermatzeko neurri gisa.

Gehiago