Olga Comes euskal presoaren senideek auto-istripua izan dute Asturiasetik bueltan
Asteburu honetan ere Ainhoa Mujika eta Jon Olarra preso donostiarren lagunek istripua izan dute. Etxeratek dio izandako bi istripu hauek "dispertsioarekin amaitzea ezinbestekoa dela erakusten" dutela.
2019-ko azaroak 24
Atzo larunbatean, Villabonako espetxean (Asturias, 440 km) dagoen Olga Comes preso iruindarraren bi senide, haietako bat adin txikikoa, Altuben(Araba) izandako istripu baten biktimak izan ziren, bisitatik bueltan zentozela. Beraien furgonetan kurba batean irten zen, bazter babesarekin talka eginez, bertan beste bi istripu egon ziren euritearen ondorioz.
Olga Comesen kasuan, gainera, bere senide eta lagunek izaten duten hirugarren istripua da.
Bestetik, ostiralean, Alboloteko espetxean (Granada, 840 km) dauden Ainhoa Mujika eta Jon Olarra preso donostiarren lagunek N-1 errepidean kotxe istripu bat izan zuten, Madrilera iritsi baino 75 kilometro lehenago, euriteak eragindako auto-ilara luzea zegoen puntuan. Bidea egiten jarraitzea lortu zuten, hurrengo egunean bisita egin ondoren berriz ere etxera itzultzeko.
Kotxeak izandako kalteen eta eguraldi txarraren ondorioz itzulera luzatu behar izan zuten, arriskua handituz, etxera igandeko ordu txikitan iritsi baitira.
Bi ezbehar berri hauek 2019an senide eta lagunek jasan dituzten istripuen kopurua zortzira igotzen dute, 30 urtez 1.000 zauritu inguru eta 16 hildako eragin ditu dispertsioak senide eta lagunei egitera behartutako bidai luzeetan, Etxeratek emandako datuen arabera.
Atzo ordezkaritza politiko eta sozial zabalarekin batera, Gernikako lizeo aretoan egindako ekitaldi batean “senideei ezarritako kondena eta dispertsioa mantentzea jasangaitza da eta egoera honekin amaitzea ezinbestekoa” dela gogoratu zuen Etxeratek. “Senide eta lagunei ezarritako kondenari amaiera jartzea, dispertsioak eragindako hildakoen aitortza lortzea eta preso guztiak Euskal Herrira ekartzea premiazkoa da, asteburu honetan gertatutako istripuak bezalakoak inoiz gehiago gerta ez daitezen”, esan dute ohar baten bidez.
Istripu hauek salatzeko kontzentrazio ezberdinak antolatu ditu Etxerat Elkarteak Hego Euskal Herriko hiriburuetan: Iruñean, ostiralean arratsaldeko 20:00etan eginen da, Sarasate Pasalekuan.