Animalien eskubideak aldarrikatu dituzte Bilbon
Euskal Herriko mugimendu antiespezistak ehunka lagun bildu ditu Bilbon egindako manifestazioan.
2019-ko azaroak 1
Euskal Herriko antiespezistok bide bat hasi genuen, hemen, duela urtebete. Animalien askapena hartu genuen helburu, eta gaur beste urrats bat egin dugu bide horretan; beste urrats bat animalion askatasunerantz. Beste urrats bat kapitalismo espezistaren aurka.
Euskal Herri osotik etorri gara gaur. Gero eta gehiago dira gure herrian espezismoaren aurka antolatutako kolektiboak; herriz herri ari dira sortzen taldeak, gizakiz besteko animalien esplotazioa eta erabilera erdigunean jartzeko, zapalkuntza guztien aurkako lanaren bidez. Gaurko manifestazioarekin bat egin dute haietako anitzek: Arkanbele, Tafalla Antiespezista, Bezala, Inurri Antiespezista, Liberazio Orroa, Askekintza, Antsoain Antiespezista, Durangaldea Antiespezista eta Gasteizko Equipo Antiespezista. Taldeotako eta beste hainbat taldetako ekintzaileek antolatzeko urratsa egin dute, talde lanaren bidez gizarteak behar duen iraultza kolektiboa pizteko. Erladi taldea sortu berri dute Bilbon ere, eta bere indarra batu nahi izan du.
Ezinbestekoa dugu bidea irekitzea aldaketa kolektiborako esparru horri, eta, horretarako, ekintzaile bilakatu beste biderik ez dugu. Ez da nahikoa gizakiz besteko animaliak gure plateretik at uztea; ez da nahikoa zezenketarik gabeko festak aldarrikatzea. Ez da nahikoa gure tabernetan aukera begetal gehiago eskatzea. Espezismoaren aurkako jarrera argi eta aktiboa hartu behar dugu, egungo gizarte eredua iraultzeko. Gurea ez da hautu pertsonal bat; gurea borroka politiko bat da, askapena helburu duena. Kontua ez da beganook jateko hamaika aukera izatea; kontua da behingoz onartzea gizakiz besteko animaliak ez direla janaria; onartzea ez direla baliabideak, onartzea ez direla gureak. Sistema kapitalista saiatzen ari da gure borroka bere alde erabiltzen, eta bere produktu begetalekin isilarazi nahi gaitu. Baina ez du lortuko, argi baitugu kapitalismo beganoak ez duela espezismoa suntsituko.
Egungo sistemak animaliok zapaltzen gaitu. Isilik nahi gaitu, ezerk eta inork ez ditzan kolokan jarri egungo botere harremanak. Hori egiten dugu kalera ateratzen garenean. Zapaltzen gaituen sistemaren aurka egiten dugu. Gizakiz besteko animaliek ere egiten dute hori: sistemaren izaera zapaltzailea agerian uzten du zoologikotik ihes egiten saiatzen den animaliak; hiltegira eramaten duen kamioitik behera salto egiten duenak; baserriko hesiaren beste aldera ihes egiten saiatzen denak; bai eta itxita dagoen eremuan gelditzen denak ere. Erresistentziak hamaika aurpegi ditu, eta orro egin gabe ere egiten dute oihu gizakiz besteko animaliek. Erresistentzia dira gizakiz besteko animalien uluak, bai eta haien isiltasuna ere. Haien aliatu izan behar dugu, haien bidelagun, animalion askatasunerantz.
Eskuz esku egin behar dugu aurrera, gizakiok ezin baitugu aske izan gizakiz bestzeko animaliak zapaltzen ditugun bitartean. Gure txikitasunetik, eskua emanez elkarri, eta elkar zainduz, gizakiak eta gainerako animaliak aske bilakatuko gaituen mundu bat eraiki behar dugu. Horretan ari gara.