10 urte eta gero, amaitu da Gora Iruñea!

Gora Iruñea! Plataformak jai herrikoi, parte hartzaile, euskaldun eta feministen alde 10 urteko ibilbideari amaiera jarri dio. Urte guzti hauetan hiri honetako jai ereduaren inguruan egindako lana ikaragarria izan dela dio eta hemendik aurrera.

2019-ko urriak 21

Gora Iruñea plataforma auzoetako jai batzordeen, peñen, bestelako jai eta kultura eragileen, mugimendu feministaren eta euskalgintzaren elkargunea izan da urte guzti hauetan. Jai ereduan sakontzeko, zer nolako baloreetan oinarrituko zen teorikoki zehazteko eta praktikara eramateko eman beharreko urratsak adosteko hamaika jardunaldi eta eztabaida prozesu ezberdinak burutu dira bere baitan.

“Ilusioz eta ahaleginaz, lanketa kolektibotik Iruñean bestelako jaiak burutu daitezkeela frogatu dugu. Edalontzi berrerabilgarria jai guztietan ezartzea lortu dugu eta baita instituzioetatik norabide berean gaia lantzea ere. Gure jaietan gertatzen diren eraso sexistei protokolo kolektibo bateratuaren bidez erantzuna emateari eta kudeatzeari begira, herri mugimenduak duen erantzukizunaz jabetzeko, lanketa oso garrantzitsua egin da. Urte hauetan, amesten genuen jai eredua gauzatu ahal izateko makina bat tresna, marko eta prozesu abian jarri ditugu”, dio Gora Iruñeak zabaldutako komunikatuan.

Asko ikasi dutela diote, eta bere ibilbidean akatsak eta ondo eginak izan direla onartzen dute. “Gauza batzuk ongi egin ditugu eta beste batzuk ez horrenbeste. Gure lorpen txikiak ospatu eta gozatu ditugu. Barre egin dugu, negar egin dugu, denbora asko elkarrekin eman dugu, azken finean familia txiki bat osatu dugu”.

Gaurko komunikatuarekin Gora Iruñea!k agur esaten du, baina onartzen dute jai eredu horren aldeko norabidean oraindik urrats asko eman behar direla. “Gora Iruñea!k bere lana amaitzen du tresna berriak sortu ahal izateko, Iruñerako jai eredu berri baten alde lanean jarraitzeko eraginkorrak izanen diren bateratze prozesu eta aliantza berriei bide emateko”.

Gehiago