Foruzaingoaren presentziaren aurkako manifestazioa eginen dute Altsasun ekainaren 22an

Ospa Mugimenduak deituta, indar polizialaren "presentzia itogarria" salatu nahi dute.

2019-ko maiatzak 28

2018ko uztailean Altsasuko Udaletxeak Foruzaingoarekin poliziak herriko kaleak zaintzeko ituna sinatu zuten. Sinatutako itunak hamar hilabete bete dituenean, itun horrek herrian eragin dituenak baloratu nahi izan dituzte Ospa Mugimendutik. Kontrol soziala aurretik jada handia zela gogoratzen dute, baina ituna sinatu zenetik “ikaragarri areagotu” egin dela “eta altsasuarrok Foruzaingoaren presentzia itogarria sufritu” behar izan dutela salatu dute. “Guzti honi Guardia Zibilak duen presentzia agerikoari gehituta, Euskal Herri jazartuta eta okupatuta jarraitzen duen seinale” dela azpimarratu dute.

Ospa Mugimenduaren esanetan, Foruzaingoa ere “indar errepresibo okupatzailea” da, eta argi utzi nahi dute ez dutela “inolako errekanbiorik” onartuko. “Polizia integralaren proiektuak ez duela, inondik inora, errepresioa etetzeko laguntzarik ekartzen. Adibideak eta adibideak ditugu historian zehar, argi uzten dutenak indar polizial honen izaera errepresiboa: Herriko gazteak atxilotu, Gaztetxera sartzeko saiakerak egin, Guardia Zibilaren gezurrak ezkutatu eta babestu, gure herrikideen gainean kontrol sozial ikaragarria ezarri, azaroaren 4ko egunean faxisten alde kokatu izana, Altsasuko kanpaijolei isunak ezarriz…”

Ospa Mugimenduak Foruzaingoa Guardia Zibilarekin batera “mekanismo bateratu bat osatzen” dutela eta lehen hauek joatekotan, indar errepresiboen inguruko eztabaida eta aldaketa sakonen ezean, “Euskal Herri Langilearen kontrako errepresioari gogoekin ekingo” diotela uste dute. “Sistema kapitalistaren defentsa da haien helburua. Langileak esplotatzen dituzten enpresario zikinen defentsa. Euskal Herria okupatzen duen Estatu Espainolaren defentsa”.

Ekainaren 22an kalera aterako dira “indar errepresibo eta okupatzaileei tinko mantenduko” direla erakusteko. “Errepresioaren aurrean elkartasuna eta antolakuntza aukeratzen ditugula argi eta garbi esateko”, laburbildu dute. Egun horretan goizeko 12:00tan mahaingurua burutuko dute Iortia Kultur Gunean eta arratsaldeko 19:00tan manifestazio bat eginen dute, Altsasuko Foruen plazatik abiatuko dena “Noiz arte, Foruzaingoa” lelopean.

Gehiago