STEILASek kontratazio zerrenden kudeaketaren anabasa salatu eta zerrenda integratua aldarrikatu du

Nafarroako hhezkuntzan zerrenden kudeaketan ematen ari diren arazoen eta ikastetxeetan irakasle falta salatu du STEILAS sindikatuak.

2019-ko apirilak 11

Hezkuntza Departamentuko kontratazio zerrendei buruz indarra duen araudiak (51/2018 Foru Agindua) bi ondorio lazgarri ditu. Bata da milaka maisu-maistra ari direla oposizioak prestatzen, ez funtzionario plaza bat eskuratzeko, datorren urtean lan egin ahal izateko baizik. Haien lan bizitza eta bizitza pertsonala bateragarri egiteaz gain (maiz zaila suertatzen dena, are gehiago sektorearen feminizazioa kontuan hartuta), oposizioan nahitaez emaitza ona atera behar dute. Ondorioz, baja kopurua izugarri handitzen da irakasleen artean.

Arazoa okerragotzen da ezen kontratazio zerrendan diren langileek ez baitute parte hartzen Lanpostuen Esleipen Telematikoan. Nahiago dute etxean ikasten gelditu, jakinik hurrengo zerrendetan oposizioak duen garrantzia, eta hilabete hauetako esperientziak ez duela zipitzik balioko haietan.

Egoera honen aurrean, premiazkoa da araudia berritzea eta itzultzea oposizioekin lotu gabeko kontratazio zerrendak kudeatzeko sistemara, salbuetsirik oposizioa gainditu bai, baina funtzionario bihurtzen ez diren pertsonek urte bateko lanaren adinako esperientziaren puntuak izanen lituzketela. Orobat, urtero egin beharko litzateke zerrendetako langileen birbaremazioa (Nafarroan halaxe zen 2007 arte), kontuan hartuta lortutako esperientzia eta beste merezimendu batzuk. Horrela, bajak betetzeko pizgarria izanen litzateke, esperientzia hori hurrengo errebaremazioan baliaturik, aipatu pertsonak hobeki baileudeke zerrendetan.

Finean, gakoa da eratzea zerrenda kudeatzeko sistema integratu bat, irakasle guztien gaikuntzak eta eskakizunak jasoko lituzkeena. Bestalde, komenigarria litzateke Lanpostuen Esleipen Automatikoa egunero egitea (ez astean hiru aldiz bakarrik) eta ikasturte osoko kontratuak ezartzea ordezkapenak berehala egiteko, batez ere Haur eta Lehen Hezkuntzako tutoreentzat. Eta zenbait zerrenda ere ireki behar dira, agortuta baitaude.

Gehiago