Larunbata honetan, Donibaneko Elkartasun Eguna ospatuko dute
Aste osoan jarduera ezberdinak izanen dira: mobilizazioak, ardo dastaketa, gazte gunea, hitzaldi bat, herri bazkaria, kontzertuak...
2019-ko apirilak 10
Estatu espainol eta frantsesak “haien kartzeletan gatibu dituzten euskal preso politikoei atxikimendua” adierazteko eguna izanen da larunbatean Donibanen ospatuko den ekimena. Elkartasun Eguna Donibaneko Kalerak antolaturik, auzoko presoen eskubideen aldeko ekimena izateaz gain, errepresaliatu hauen askatasuna exijitzeko hitzordua izanen da.
“Bi estatu jazarle horien batasuna arriskuan jartzeagatik kondena latzak bizi dituzte euskal presoek. 249 dira guztira, %90 lehen graduan, 20 ordu 8m2 ziegan bahiturik. 7 preso auzokoak dira, bataz beste 400kilometrora urrunduta haien etxeetatik eta senide eta lagunengandik. Ordu eta diru asko xahutzera behartuak. Oraindik ere urteetarako dituzte kondenatuak”, gogoratu dute Donibanetik.
“Herri honek bizirik jarrai dezan egindako borrokagatik jasandako errepresioa lurralde honek bizi duen jazarpenaren isla da”, diote.
Ekimen nagusia larunbatean izanen da, baina gaurtik aurrera jarduera ezberdinak eginen dira Donibanen. Gaur, arratsaldeko 19etan Gazte Gunea jarriko dute martxan Asuntzio Plazan. Bihar, enkartelada 20etan eta ondoren pintxo pote Toki Eder tabernan. Ostiralean hitzaldia eskeiniko du Arantza Zulueta euskal preso politiko ohiak isolamenduari buruz, eta 20.30etan ardo dastaketa eginen dute.
Larunbatean, eguerdiko 13etan mobilizazioa eginen dute, eta ondoren herri bazkaria, bertsolariak eta kontzertuak izanen dira.
[AGENDA] Larunbata honetan, Elkartasun Eguna Donibane auzoan#OrainPresoak pic.twitter.com/UumLWqwrwH
— Ahotsa.info (@AhotsaInfo) April 10, 2019