Adingabe Transexualen Gurasoen Elkarteak ‘Naizen’ izena hartuko du hemendik aurrera

Chrysallis Euskal Herria utzi eta Euskal Herriko Adingabe Transexualen Gurasoen Elkarteak izen berria hartu du: Naizen.

2019-ko urtarrilak 28

Jai handi batek argitu du gaur NAIZEN Adingabe Transexualen Familien Elkartearen jaiotza. 500 lagun inguruk bete egin dute Donostiako Antzoki Zaharra musika, umorea, bertsoak eta dantza izan dituen ekitaldi batean. Oroitzeko eta hunkitzeko uneak ere egon dira. NAIZEN osatzen duten Euskal Herriko 100 familia baino gehiagorekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko erakundetako ordezkariak eta elkarte ugarietako ordezkariak ere izan dira. Africa Baeta eta Xabier Madariaga kazetariek aurkeztu dute gala. Ongi etorri hitzaldia Eneko Goia Donostiako alkateak egin du, izan ere, NAIZEN elkarteko kideei antzokia erabiltzeko aukera Donostiako udalak eman die.

Azken asteotan adingabe transexualen familiek elkartearen izena eta logo berriak ezkutuan gorde dituzte gaurko ekitaldian Esti Urresola zuzendariaren bideo batean ezagutzera eman arte. Chrysallis Euskal Herria izenpean familia hauek azken lau urtetan egindako lana laburtzeko Ekaitz Goikoetxeak idatzitako testuan oinarritzen da bideoa. Arista komunikazio enpresak musu-truk diseinatutako logoak arrosa eta urdinaren artean kolore ugari dagoela jartzen du agerian. Izan ere, bakoitzak kolore ezberdina daukagu eta denok ditugu gure baitan kolore guzti horiek, bakoitzak neurri eta maila ezberdinetan. “i” hizkiaren puntua alaitasun, askatasun eta zoriontasun eztanda bihurtu da, horrela loratzen garelako benetan garenak izateko aukera dugunean.

Jaian ezusteko ugari egon da. Porrotx, Marimotots eta Txapas barreak sorrarazi dituzte antzokian; Vera eta Kimetz elkarteko gazteak pianoaz eta gitarraz lagunduta abestu dute; Onintza Enbeita eta Jon Maia bertsolariek eztarri askotan korapiloak sortu dituzte; Kai Etxaniz eta bere banda, gaur María gitarran eta Juanma perkusioan, beraien musika oparitu diete ikus entzuleei . Une magikoa sortu da Kaik NAIZEN elkartearentzat konposatu duen abestiaren aurrerapen bat jo duenean taldeak.

Beste une bereziki hunkigarria bizi izan da, isiltasun eta iluntasun tarte baten ostean, antzokiko pantailan hiru minutuko bideoa proiektatu denean. Bertan, gizarteko alor ezberdinetako bederatzi pertsona ezagun elkarteko haurrekin batera agertzen dira euren maitasuna, babesa eta begirunea adierazten. Spotean Miguel Indurain, Edurne Pasaban, Karlos Argiñano, Itziar Ituño, Pedro Miguel Etxenike, Patricia Gaztañaga, Aritz Aduriz, Zuriñe Hidalgo eta Alex Sardui agertzen dira elkarteko neska eta mutilekin. Iban Gonzálezek zuzendu du bideoa eta Baleukok ekoiztu du musu-truk ere. Bideoa eskuragarri dago NAIZENen sare sozialetan eta web orri berrian (www.naizen.eus), elkarteak haurren transexualitatea ulertu eta laguntzeko nazioarteko erreferentzia bihurtu nahi duen orrian, alegia.

Zalantza barik, gaurko aurkezpenaren unerik hunkigarriena Enbeitak eta Maiak azken bertsoa iaz hil zen Ekai Ondarroako gaztearen omenez bota dutenean bizi izan da. Gaztearen gurasoak, Ana eta Elaxar, oholtzara igo dituzte eta NAIZENeko familien izenean Bea Severrek eta Ederne Belamendiak bertsoa inprimatuta eta lore sorta oparitu dizkiete.

Eta ekitaldia amaitzear zegoela ‘Goazen’eko neska-mutilak agertu dira- Pausokak ETBrako ekoizten duen saio arrakastatsua- ‘Denok zu’ abestu eta dantzatzeko. Abestiak sexu-identitatearen eta aniztasunaren errespetua zabaldu nahi du gazteenen artean.

Iragan asteartean Bilbon egindako prentsaurrekoan bozeramaleek ezagutzera eman zuten bezala, orain arte Chrysallis Euskal Herria osatzen duten familien trantsituaren ondorioa da NAIZEN.

Hainbat elkartetako ordezkariak izan dira ekitaldian: Errespetuz, Gehitu, Kattalingune, Transkolore, Bizi Poza, Guztiok, Harrotu, EHGAM, Faktoria Lila eta Bilgune Feminista, besteak beste. Baita sexologiatik, psikologiatik, hezkuntzatik, ikerkuntzatik eta beste alor batzuetatik elkartearekin batera lan egin duten profesional asko ere.

Antzokian egon diren erakundetako ordezkarien artean, Eneko Goiaz gain, Bakartxo Tejeria eta Ainhoa Aznarez, Eusko Legebiltzarreko eta Nafarroako Legebiltzarreko presidenteak izan dira, hurrenez hurren; Jon Darpón Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua; Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria; Maite Peña Gipuzkoako Gizarte Politika diputatua; Marian Olabarrieta Arabako Gizarte Zerbitzuetako diputatua; Maribel Vaquero Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubide eta Bizikidetza zuzendaria; eta Mertxe Leránoz Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendaria. Donostiako udalbatzan ordezkatuta dauden bost alderdi politikoen zinegotziak ere bertan izan dira.

Gehiago