“Auziperaturikoendako askatasuna da onargarri den bakarra”
Altsasuko auziko epaiari aurkeztutako apelazioak Espainiako Auzitegi Nazionalak aztertuko ditu asteazkenean eta ostegunean. Altsasukoak aske herri plataformak deituta 300 bat altsasuarrek agerraldia egin zuten atzo. Adierazi zutenez, "ez dugu zalantzarik. Ikuspegi objektibotik eta errealitateari so eginez, auziperaturiko lagun guztien askatasuna da onargarri den erabaki bakarra".
2019-ko urtarrilak 21
Eta gaineratu zuten: “gizarteak emandako erantzun anitza, zabal eta irmoak erakusten digu, ez duela sinistu eraiki duten kontakizuna”. Gaztigatu zutenez, “herri hau erne egon da, dago eta egonen da. aktibo izanen da kapitulu berri honen aurrean. Altsasuko herriak auziperatuen askatasuna onartuko du bakar bakarrik”. Azkenik, “herri gisan, gizarte osoari dei egiten diogu erne egoteko datorrenaren aurrean “.