Errigorak 162.500€ bideratuko ditu Nafarroako hegoaldean euskara laguntzeko
2018ko Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainan 13.000 saski eskaera jaso dira eta, honenbestez, beste 162.500€ bideratuko dira Nafarroa hegoaldean "ahobizi eta belarriprest berriak sortzen" jarraitzeko ahaleginera.
2018-ko azaroak 20
Oso pozikagertu dira Errigorako lagunak, eta kanpainari babesa eman dutenei, eskerrak eman dizkiete. 5. urteurreneko kanpaina honetan Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara 162.500 euro bideratuko dira. Beraz, azken urte hauetan 962.500€ko diru laguntza bideratu da.
Kanpaina honetan 200 herri baino gehiagotan ehunka lagunek bere borondatez hartu dute parte. Dozenaka euskaltegi, ikastola, eskola, elkarte, denda txiki, taberna eta abarretan kanpainaren berri eman eta eskaerak jasotzeko ahalegina egin dute, eta osotara Erriberako 23 ekoizlek hartu dute parte. Osotara, 13.000 saski saldu dira.
“Ez da erraza, baina oso polita da”, onartu dute Errigorako kideek. Kanpainan lortutako 162.500€rekin Nafarroa hegoaldean euskarari hauspoa emanen zaio.”Ikastolek, oinarrizko beharrei erantzuteaz gain, inbertsio berriei aurre egiteko aukera ere izango dute; AEKn izena ematen dutenek beka-sistema baterako sarbidea izango dute eta Sortzenek euskararenganako aurreiritzi eta diskurtso gezurtiei aurre egiten jarraituko du, sare publikoan D ereduaren aldeko hautua sustatuz. Labur esanda, Nafarroa hegoaldean ahobizi eta belarriprest berriak sortzen jarraitzera bideratuko da ekarpena, euskalgintzara haize berriak ekar ditzaketen proiektuei muzin egin gabe.”