Gaztetxearen konponbidea elkarrizketaren eta negoziaketaren gainean eraiki behar da
Rozalejo Jauregiaren okupazioa gertatu zenez geroztik, Alde Zaharrerako gaztetxe bat aldarrikatzeko espazio modura, eta Nafarroako Gobernuaren partetik adierazitako kaleratze mezuen aurrean, EH Bildutik modu argian erakutsi dugu hasierarik kaleratzearekiko eta neurri errepresiboekiko aurkakotasuna, ulertuz konponbide nahitaezkoan elkarrizketaren eta akordioaren bidez etorriko dela.
EH Bildu
2018-ko azaroak 16
Proiektu komunitarioak eta autogestionatuak ekarpen oso interesgarriak dira guztion artean, eta Iruñeko aldaketaren testuinguruan, eraikitzen ari garen eredu sozial eta kultural berriarentzat. Egiazki azken hilabeteotan tokiko alternatibekiko eta elkarlanerako eta autogestiorako espazioak uzta oneko dinamika izan dira. Ondorioz, hainbat proiektu sozial eta komunitario daude dagoeneko martxan: Hiriaren erdigunean bertan Piparrika hiri baratza, Plazara! espazioa eta Geltoki ekonomia jasangarrirako gunea sortu dira eta beste hainbeste proiektu auzoetan, Antzara, Salesianas edota herri eta bizilagun elkarteen esku utzitako udal lokal ugariak (Txantrea, Donibane, Buztintxuri, Azpilagaina, etb.).
Zentzu horretan, EH Bilduren helburua beti izan da eta jarraituko du izaten Alde Zaharreko gazteriarentzako eta auzoko eragile eta bizilagunentzako proiektu sozial autogestionatu bati bidea ematea; auzotik bertatik aldarrikatzen den bezala. Horregatik, prozesu luze honetan zehar, EH Bilduk ahaleginak egin ditu komunikazio eta elkarrizketa marko bat mantentzeagatik bai auzoko bizilagunekin eta baita gaztetxeko kideekin ere.
Aurreko abuztuan, desalojoaren eta okupazio berriaren ostean, EH Bilduk aintzat hartu zuen gaztetxearen aldetik eta baita auzoko bizilagun talde baten aldetik ere eginiko eskakizun publikoa, elkarrizketarako espazio bat eskatuz. Horren ondorioz, negoziaketa prozesu bati ekin genion, gaztetxearen gaiari konponbidea bilatzeko helburuz.
Elkarrizketaren abiapuntuan zeuden Alde Zaharrerako gaztetxe proiektu baten beharra eta horren garapen positiborako hainbat alternatiba baloratzeko prestutasuna. Irakurketa amankomun horretatik abiatuta, EH Bilduk hiriko mugimendu sozialekin eta bizilagunekin duen ardurari erantzunez, negoziaketa prozesuari hasiera eman zitzaion. Zeinetan bizilagunen ordezkaritza batek parte hartu duen, prozesu osoaren eta negoziaketen berme modura.
Zalantzarik gabe prozesu zaila izan da alde guztientzat, eztabaida eta konplexutasun ugarikoa, baina hilabete askoren ostean akordio positibo batera heldu ginen espazioaren eta hitzarmen ereduaren inguruan. Horrela, EH Bildutik ulertzen dugu lortutako akordio horrek proiektuaren jarraikortasuna bermatzen zuela auzoan. Proiektu komunitarioa eta auzorako ekintza desberdinak modu erabat autonomoan garatzeko segurtasun, osasun, higiene eta azpiegitura baldintza egokiak zituen espazio batean. Laburbilduz, gazteriaren eta auzoaren eskura tresna nahikoa jartzen ziren proiektu autogestionatu bat lantzen jarraitzeko, erabakitzen zuten modura antolatuz.
Guzti horrengatik, EH Bildutik gure kezka handia adierazi nahi dugu Maravillas gaztetxeko asanbladak hartutako erabakiarekin, negoziaketa fase luze baten ostean, beste espazio batzuk baloratzeko prestutasuna alboratzen baitute. Proposamenak proiektuaren garapena ahalbidetzen zuen, egungo egoera ezegonkorra gaindituz eta auzoarentzat garrantzitsua ulertzen den proiektu bati etorkizuna emanez. Zorigaitzez, uste dugu akordioa hausteak arriskuan jartzen duela proiektua bera.
Guzti honengatik, EH Bildutik berretsi nahi dugu konponbidea elkarrizketaren eta negoziaketaren gainean eraikia behar duela izan ezinbestean.